• EKONOMIA
  • Alan Greenspan AEBko Erreserba Federaleko presidente izandakoa hil da

Alan Greenspan AEBko Erreserba Federaleko presidente izandakoa hil da

18 urte egin zituen Feden, 1987tik 2006ra. Ekonomia hazkundea nagusi izan zen garai hartan, baina haren politikek 2008ko krisiaren eztandara eraman zutela defendatu izan dute askok

Alan Greenspan, Fedeko presidente izan zen garaian | Argazkia: Wikimedia
Alan Greenspan, Fedeko presidente izan zen garaian | Argazkia: Wikimedia
2026ko ekainaren 22a - 16:59
Eg. 2026ko ekainaren 22a - 17:09

100 urterekin zendu da Alan Greenspan, AEBko Erreserba Federaleko presidente izandakoa 1987tik 2006ra bitartean.

 

Fedeko lehendakari izan aurretik, alderdi errepublikarreko zenbait presidenteren aholkulari lanetan aritu zen ekonomialaria, zehazki, Nixonekin (1968-1974) eta Fordekin (1974-1976). Erreserba Federaleko presidente, berriz, Ronald Reaganek izendatu zuen. Geroztik lau urtean behin lehendakaritza berritu zuen —tartean George W. Bush aita eta Clinton presidente zirela—, harik eta 2006an erretiroa hartu arte. 

Erreserba Federalean eginiko kudeaketagatik Aztia ezizenarekin izan zen ezaguna. Haren politikaren ezaugarrietako bat izan ziren sorturiko krisiei azkar erantzutea, tartean 1987ko Black Monday delakoa edota puntucom krisia, eta ekonomiaren hazkundea bultzatu zuen, langabezia jaitsita eta inflazioa kontrolpean mantenduta. Garai horri zenbait adituk Great Moderation —moderazio handia— izena eman zioten.

 

Dena den, hark hartutako erabakiak hartzen dira sarri 2008ko krisialdiaren arrazoitzat. Batetik, interes-tasak oso baxu mantendu zituelako denbora gehiegiz puntucom krisia gertatu ostean. Askoren ustez, horrek kreditu merkera eraman zuen, etxebizitzen prezioak puztera, eta burbuila immobiliarioa sortzera. Bestetik, merkatu librearen defendatzaile sutsua zen, autoerregulazioan sinesten baitzuen, eta hain zuzen desregularizazioa sustatu zuen.