Alberto Bokos Zarraga: "Bizitza-luzeari lotutako lurraldeak deskubritzeko daude oraindik"

Adinkeria alde batera utzi, eta adineko pertsonak bere dimentsio osoan hartzeko beharra defendatu du Plataforma 50-Haking Longevity erakundeko arduradunak

Argazkia: utzitakoa Argazkia: utzitakoa

Pertsona nagusiei lotutako ekonomiaren alorrean lanean dihardu Alberto Bokos Zarragak. Plataforma 50-Hacking longevity erakundeko arduraduna da, Urdulizeko (Bizkaia) Nagusi Intelligence Centerren egoitza duena, eta tendentziak behatzeaz gain, aholkularitza eta formakuntza zerbitzuak eskainitzen dituzte bertatik. 50 urtetik gorako pertsonen eskariaz eta zaintza arloaz harago, egiten duten ekarpena azpimarratu du Bokosek.

Zilarrezko ekonomiak non du jatorria?

1950eko hamarkadan jaiotzen da, Japonen. Beren baby booma munduko beste tokietan baino lehenago gertatzen da, eta orduan hasten dira planteatzen trantsizio demografiko deritzonak. Alegia, ikusten dute herrialdea demografikoki haziko dela, eta adineko pertsonen atalarekin hasten dira lanean. Dena den, izena bera, kontzeptu guztiekin gertatu ohi bezala, AEBtik dator. 1990eko eta 2000ko hamarkada inguruan sortu zen. Baina nik borroka dut zilarrezko ekonomia kontzeptuarekin.

Zuk bizitza-luzerako merkatuak kontzeptua erabiltzen duzu.

Hala da, bai. Izan ere, zilarrezko ekonomiak adineko pertsona gastuaren subjektu gisa kokatzen du. Alegia, fokua da zenbat diru duen eta, ondorioz, gastatzeko zein gaitasun duen. Hortik jaiotzen da kontzeptua oinarrian.

Bizitza-luzerako merkatu kontzeptuak nola ematen dio buelta horri?

Gakoa ekarpena da. Guk, adibidez, Plataforma 50 erabiltzen dugu. Zergatik plataforma hitza? Bi aldeak hartzen dituelako: eskaria –zerbitzuen beharra—, eta ekarpena. 50 urtetik gorako pertsonak, are 80 urte baino gehiagokoak, bi aldeetan kokatzen dira. Edozein adinetan ekarpena egiten dugu. Zenbaitenaa da aktiboki lan egiten. Baina badira beste pertsona batzuk, erretiroa hartuta ere, ekarpen ikaragarria egiten dutenak. Ikuspuntu hori oso garatuta dago zaintzaren ekonomiaren esparruan. Zaintza informalari buruz hitz egiten du, adibidez, aitona-amonek egiten duten zaintzari buruz. Edozein kasutan, ekosistema osatzen dugu. Merkatu hitza ere ez dut bereziki gustuko. Nahiago dut bizitza-luzerako gizarte kontzeptua. Gizarteak, merkatuaz gain, beste gauza batzuk ditu, eta hortik kanpo ekarpena egiteko gaitasuna du. Hala ere, merkatu aukera sortzen da, ekonomia handi bat delako. Eta bilakaera ikusita, argi dago ekonomia bat haziko bada, adineko pertsonena izango dela.

"Kontua da gizarte ikuspuntutik, ez soilik merkatu ikuspuntutik, adinkeria dagoela. Pertsona nagusiak ez dira beren dimentsio guztian kontuan hartzen"

Kontua da gizarte ikuspuntutik, ez soilik merkatu ikuspuntutik, adinkeria dagoela. Pertsona nagusiak ez dira beren dimentsio guztian kontuan hartzen. Horren ondorioz ez dira identifikatzen eurek garatzeko aukerak, batez ere enpresen alde produktiboari lotuta. Erretiroa hartzen duzunean, merkatutik kanpo zaude zentzu guztietan. Zugandik espero den gauza bakarra da kontsumitu dezazun, eta ez dezazun lanik eman. Zilarrezko ekonomiak, esaterako, sektore finantzarioan eskaintzen diren pentsio edo aseguruei lotuta, oso ondo ulertu du hori. Horrela egituratua dago dena une honetan, nahiz eta zenbait aldaketa ematen ari diren ereduetan.

Zergatik hartzen da gastuaren subjektutzat, eta ez soluzioaren partetzat?

Antropologo batekin hitz egingo bazenu, esango lizuke bizitza-luzerako kontu hori ez dela horrela, neandertal batzuk 90 urterekin hiltzen zirelako. Egia da. Baina azken baten bizi-itxaropena demokratizatu da. Dagoeneko ez gara zuhaitzaren ereduaz ari. Egun, 75 urteko emakume euskaldun batek 90 urte baino gehiagoko bizi-itxaropena du. Hau berria da, bestelako dinamika bat sortzen du eta denok egokitu behar dugu. Bizitza-luzerako ikuspuntuak aldatu egiten ditu pertsona, zerbitzu eta baliabideen arteko harremanak.

Berrikuntzarako aukera asko eskaintzen dituen sektorea da. Berrikuntza teknologikoaz ari gara soilik, ala ez teknologikoaz ere?

Biak. Egoera berri batek berrikuntza eskatzen du, ezin baitizkiozu eredu zaharrak egoera berri bati aplikatu. Berrikuntza soziala behar da, esaterako, baina kostatuko zaigu onartzea pertsonak aktiboak izan daitezkeela lanari dagokionez erretirorako orain arte ezarritako adinaz harago.

Danimarkan, adibidez, pentsatzen ari dira 2040rako erretiroa 74 urterekin hartzeko aukera ezartzea. Japonen, berrenplegua bezalako fenomenoak topatzen ditugu. Alegia, herrialdean ezarritako erretiroa hartzeko adinetik aurrera, enpresek derrigorrez berrenplegu eskaintza bat egin behar diete langileei, betiere erretiroarekin bateragarria dena. Erretiro aktiboaren antzekoa da. Eskaintza horrekin, enpresek lan harremanak egokitu ditzakete. Aurretik enpresako zuzendari orokorra bazinen, berrenplegu eskaintzak ez du zuzendari orokorrarena izan behar; eskaini ahal dizu, adibidez, biltegian lan egiteko postu bat, eta pertsonek onartu dezakete edo ez. Norberaren egoera pertsonalaren araberakoa izango da. Sekulako debatea dago gai horren inguruan, ikuspuntu ugari baitaude, baita hamaika lanpostu ere. Asko aldatuko da hori guztia. Edo, dagoeneko, aldatzen ari da. Osakidetza da horren adibide. Medikuak falta dira, eta baimenak ematen ari dira luzatzeko.

"Berrikuntza soziala behar da, esaterako, baina kostatuko zaigu onartzea pertsonak aktiboak izan daitezkeela lanari dagokionez erretirorako orain arte ezarritako adinaz harago"

Baina oraindik ez dira ohikoak halako kasuak.

Beste kontu bat da aintzat hartzen gaituzten edo ez. Alderdi politikoek, esaterako, gobernua aldatzen dutenean, askotan esan ohi dute gobernua "gaztetu" egin dela. A ze balio interesgarria. Helduenak alde batera utzi dituzu, eta adin ertaineko jendea sartu duzu. Hori bai, ez dago bat bera ere 20 urtekoa. Gaztetzekotan, ea benetan gaztetzen dugun. Edo, hobe, sar dezagun adin guztietako jendea, denek ekarpena egin dezaten. Hau guztia oso presente dago, eta horrek mugatu egiten ditu gai honetan eragiteko aukerak. Bizitza-luzeari lotutako lurraldeak deskubritzeko daude oraindik. Horregatik behar da berrikuntza.

Marketin arloari lotuta, haurren arroparako egun dagoen segmentazio guztia, 0 urtetik 18 urtera bitartekoa, sekulakoa da. Erreparatu diezaiogun 65 urtetik gorako jendearentzat dagoen modari. Ez dago segmentaziorik. Hala ere, aukerak zabaltzen ari dira beste zenbait esparrutan. Adibidez, aseguruei dagokienez, kontratazioko mugak zabaltzen ari dira. Mugikortasunari lotuta, behar berriak zabalduko dira. Izan ere, adin batetik aurrera, ez gaude lehen bezain aktibo, baina aktibo izan behar gara eta bestelako mugikortasun sistemak behar ditugu. Horrekin batera, elikadura jasangarriaren arloa sekulakoa da, eta osasunarena, zer esanik ez. Zaintza eskaerak hazten ari dira eta hala jarraituko dute, eta garatzen den teknologia guztia ekarpen izugarria izango da. Familiak dagoeneko ez dira errekurtso hori. Bizitza-luzerako ikuspuntuak errekurtsoak aldatzen ditu.

Nola iritsi zinen zu bizitza-luzeari loturiko arlo horretara?

Berrikuntzaren arlotik. Innobasquen aritu nintzenez, tendentziak ikusten nituen, eta izugarri gustatzen zitzaidan sektore bat zen. Horrez gain, beste arrazoi garrantzitsu bat dago: nire adina. Nire biografia pertsonala, nire adina, eta aukera berak narama esparru horretan lan egitera. Gainera, denoi eragiten digu. Horretan lanean hasten den jende asko hasten da egoera pertsonal bat bizitzea egokitu zaiolako, zaintza kontuengatik....

Nola egiten duzue lan Plataforma 50-Hacking longevitytik?

Hiru lan esparru ditugu, eta egiten dugun lanketa guztia beti beste eragile batzuekin egiten dugu, zenbait gaietan gu baino adituagoak direnak. Lehenengoa da behatokia. Zilarrezko ekonomiari lotuta nazioarte mailan sortzen den guztiari so gaude, zein berrikuntza ematen ari diren ezagutzeko, besteak beste. Bigarren eta hirugarren arloa, formakuntza eta aholkularitza dira. Hor marketin seniorrean aritzen gara, metodologia espezifikoarekin, baita adinaren kudeaketan eta lurralde garapen jasangarrian ere. Azken honen helburua da lantzea lurraldeek nola gehitu dezaketen zilarrezko ekonomia euren lurralde garapenari lotutako agendara. Oso garrantzitsua da, eta modu sistemikoan egin behar da. Gizarte guztiak parte hartzea eskatzen du, eta ez soilik adineko pertsonek, nahiz eta beraiek ere izan behar diren, egun baino askoz parte hartze handiagoarekin. Horrek ahalbidetuko du aukerak hobeto ulertzea, eta beharrak garatzea.

Besteak beste, etxebizitza eta urbanismoa garapenerako sektore garrantzitsuak dira. Egun, gure gizarteak ez daude nagusientzat prest. Haur bat izan duen eta haur-kotxea eraman duen edonork ikusi du hori gure hirietan: irisgarritasun arazoak eraikinetan, txirotasun energetikoa, garraio publikoaren diseinua...

"Aholkularitzaren alorrean lurralde garapen jasangarrian ere aritzen gara. Azken honen helburua da lantzea lurraldeek nola gehitu dezaketen zilarrezko ekonomia euren lurralde garapenari lotutako agendara"

Pertsona nagusientzat gure hiriak eta gure lurraldeak lagunkoiagoak izan beharko liratekeela adierazi duzu. Lortu duzue aurrerapausorik ematea, nahiz eta txikia izan?

Espainiako estatuan zenbait aldundirekin ari gara lanean, baita garapen agentziekin ere, kasu honetan ekintzailetza aukerak garatzeko lurraldeetan. Badugu proiektu bat Rural Silver izenekoa, zilarrezko ekonomia landa-eremuan aplikatzeko. Zahartzea nonbait nabarmena bada, landa-eremuan da. Hor ja ez gara ari etorkizunaz, orainari buruz baizik. Sekulako berrikuntza esperientziak daude, 100 biztanle baino gutxiagoko herrienak, zilarrezko ekonomian enfokatu eta ekonomiak sortzeko gai izan direnak. Espainiako kasurik ezagunena Pescueza da, Extremadurako herri bat. Biztanleak galtzen ari ziren, eta batez besteko adina 65 urtetik gorakoa zen. Eguneko zentro bat jarri zuten martxan, eta herriko enpresa bihurtu da., bertan egiten baitu lan herriko zein beste herrietako jende ugarik. Gainera, bertan lanean ari den jendeak seme-alabak izan ditu. Eta herria hazten ari da. Eta badira halakoak Eskozian, Kanadan, Zeelanda Berrian... ere.

Enpresen barruko adinaren kudeaketari lotuta lan egiten duzuela ere aipatu duzu, eta tendentzia dagoela 50 urtetik gorako pertsonak enpresetan ez kontratatu edo alde batera uzteko, ezagutzari probetxurik atera gabe. Zergatik gertatzen da hori?

Misterio bat da, baina enpresa askok ekonomia eta digitalizazio aipatzen dituzte arrazoi nagusi gisa. Batetik, digitalizazioa txertatu nahia prozesuak kentzeko, eta hor gazteek teknologia —eta hizkuntza— ezagutzak dituzte. Bestetik, Espainiako sistemak antzinatasuna errespetatzen duenez, ahalbidetzen du adin batetik aurrera pertsonek soldata altuagoak izatea, gazteek ez bezala. Horri lotu behar zaio, Espainiako sistemaren beste ezaugarri bakana Europa guztian: egiturazko langabezia. Beste zenbait herrialde, Alemania kasu, pentsatzen ari dira nola luzatu adineko pertsonen presentzia enpresetan, ez dutelako erreleborik. Ikuspuntu demografikotik arazoa beste bat da. Eta hori hona ere iritsiko da. Beraz, garatuko dituzte formak pertsonek, edozein adinetan, lan egiten jarraitzeko, gaitasunak baititugu.

Nola uztartu belaunaldi berrien ezagutza eta pertsona helduagoen jakintza aurrera egiten jarraitzeko?

Egiteke dago. Oso lan gutxitan dago hau ondo ebatzita. Agian kazetaritzan emaitza hobeak izaten ari dira beste zenbait sektoretan baino, ezagutza faktore hori oso argi dagoelako. Baina orokorrean ez ditugu metodologia, sistema eta prozesuak ezagutza jaso eta partekatzeko. Ez dakigu nola egiten den. Egun, modu teknologikoan egiten ari da. ERP bat edo CRM bat sortzen dugu, eta datu guztiak hor sartzen ditugu, ezagutza hori balitz bezala. Baina ezagutza ez dago hor. Ezagutza datu horiek landu eta interpretatzeko abilezian dago. Benetan ezagutza garatzeko beharrezkoa da erakunde osoko langileen arteko elkarlana, belaunaldi artekoa, diziplina artekoa, bakoitza bere ekarpenetik.

"Izan nahi dugun ongizate sistemak ekarpen ekonomikoak egiteko modu berriak eskatuko ditu. Horrek ez du esan nahi 40 orduz lan egin behar duzunik astean 75 urte bete arte"

Zer eska dezake ongizate sistema berriak?

Izan nahi dugun ongizate sistemak ekarpen ekonomikoak egiteko modu berriak eskatuko ditu. Horrek ez du esan nahi 40 orduz lan egin behar duzunik astean 75 urte bete arte. Agian jardunaldi partzial gehiago izan behar dira. Alegia, sistemak izan behar dira ahalbidetzen dutenak beste modu batera lan egiten. Orain hainbeste jende dagoenez langabezian, ez da arazoa ikusten, baina Alemanian eta Danimarkan izaten ari dira. Eta Suedian, populazioaren % 25k lan egiten du 75 urte bete arte. Nola mantendu bestela euren aberastasuna? Beste modu batean.

Eredua oinarritik eraldatzea da gakoa, beraz.

Bai. Oso debate luze eta konplexua da.

Badira eredu onak bizitza-luzerako gizarteari edo ekonomiari dagokionez?

Bai Adinberri, bai Nagusi Intelligence Center proiektu aitzindariak dira, baita Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako EtxeTIC ere. Oso interesgarriak, lurralde mailan. Tokiko eraldaketak zentzuz ari dira jorratzen.

Bestalde, Madeira irlak (Portugal) zaintzan aditu den toki bilakatu nahi du. Europa guztiko jubilatuak erakarri nahi ditu, batez ere iparraldekoak, zaintzan aditua den ekonomia sortzeko. Zer eskaini nahi zaie? Gehiago bizitzea, eta hobeto: munduko klinika onenak, tratamenduak, elikadura; bizitza kalitatea. Eta hori guztia iparraldekoentzat oso merkea izango den prezio baten, ondo konektaturiko aireportu batekin... Lurraldeak, aurki, bizitza-luzeko kontzeptuari lotuta arituko dira lehian, beste zenbait gauzetan lehiatzen den bezala. Bizitza esperantzaren aldagaia geroz eta desiratuagoa izango da pertsonentzat.

Espainiako kostako zenbait puntutan gertatu dena ere antzekoa da. Beste eredu bat da segur aski, pertsona gastuaren subjektu gisa jartzen duena. Baina baditu zenbait antzekotasun.

Malagan, resortez gain, politikak dituzte, eta unibertsitatean ere badago departamentu bat. Asko aprobetxatzen ari dira, baina ez dago guztiz antolatua; enpresek egiten dute. Eta Madeirak oso argi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK