Duela hamaika urte Europako Banku Zentralak (EBZ) diruaren prezioa azken aldiz igo zuela. Hamarkada luzez tasek behera egin zuten eta minimo historikora ere heldu ziren, % 0ra. Pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko neurriekin bukatzeko asmoa adierazi zuen iaz Christine Lagardek baina neurri lausotuan. Izan ere, moneta-politikaren aldaketa lasaia izango zuela iragarri zuen EBZk baina testuinguru ekonomikoak erabakia azkartu egin du.
Euroguneko inflazioak maiatzean % 8ko langa gainditu eta gero EBZk ezin izan dio presioari eutsi. EBZko zuzendaritza Amsterdamen bildu da gaur eta uztailean tasak % 0,25 igoko dituela iragarri du. Maiatzaren 23an Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko buruak aurreratu egin zuen uztailan tasak igoko zirela. Bazegoen, baina, igoeraren indarra ezagutzeko jakin-mina. EBZko kide gogorrenek % 0,50eko eskatzen bazuten ere, azkenean igoera xumeagoa izango da.
Irailean beste igoera bat iragarri du banku zentralak baina ez du argitu zenbatekoa izango den. EBZk nabarmendu duenez "tasen igoera horren kalibrazioa epe ertaineko inflazioaren eguneratzearen araberakoa izango da. Egungo aurreikuspenak bere horretan jarraitu edo okertzen badira, irailean gorakada handiagoa izango da".
Interes-tasen igoerak aldagai ezberdinak ditu. Gaur iragarritako igoera gordailuen tasari dagokio. Gaur egun -% 0,50ekoa da eta uztailan 25 puntu igoko da. Irailean gordailuen tasaz gain, krediturako erraztasun marjinala eta interes-tasak igotzea espero da. Inflazioaren bilakaerak baldintzatuko du igoera.
Gordailu tasa edo gordailuen erraztasun marjinala banku zentralak finantza erakundeei gordailuetan dirua izateagatik kobratzen dien tasa da. Inflazioa baxua zenean Europak tasa negatiboaren bitartez bankuek maileguak ematea sustatu nahi zuen, modu horretan kontsumoan eraginez. Bankuek dirua gorde baino, bezeroei kredituen bitartez ematea zen politika horren helburua. Inflazioaren igoerak, ordea, kontrako norabidean jarri du EBZ eta kontsumoa leuntzea da asmoa.
Bankuak gordailuen tasa negatiboa bezeroei erasaten hasi ziren, batez ere enpresa eta erakundeei. Bezero txikiekin ez zuten horrela jokatu baina aurrezkiak inbertsio funtsetara bideratzeko merkataritza estrategiak martxan jarri zituzten bankuek eta horren ondorioz, azken urteotan funtsetara eramandako kopuruak inoizko altuenak izan dira. EBZren erabakiaren ondorioz bankuak estrategia komertzialak aldatzen hasi dira eta epe laburrean epe finkorako gordailuen inguruko eskaintzak hasiko dira.
Inflazioa
EBZren kezka nagusia da inflazioa gaur egun. 2022rako prezioak % 6,8 haztea espero du bankuak, martxoan emandako aurreikuspena okertuz. 2024ra arte ez du espero Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak inflazioa % 2ra hurbiltzea. Gaurko komunikatuan " inflazioa denbora batez altua izango dela" iragarri du eta bankuaren "erronka nagusitzat" hartu du inflazioa. Etorkizunerako igoera gehiago iragarri ditu EBZk. Igoeren erritmoa "mailakatua" izango dela adierazi du, denbora luzez emango dena.
Merkatuak ezkor
EBZren erabakia ez dute baikor hartu merkatuek. Esperotako neurria bazen ere Europako burtsa-merkatu nagusiek jeitsierak izan dituzte gaur. Espainiako IBEX-35 indizeak 8.800 puntutako euskarria galdu du eta 8.711,20 puntutan bukatu du gaurko jarduna. Frantziako CAC-30 indizeak galera lasaiagoa izan du, % 0,80 jaitsiz. Alemaniako DAX-30 eta Eurostoxx indizeak izan dira erabakia gehien pairatu dutenak, % 1,70eko galduz.
Zor publikoaren merkatuei dagokienez, bonuen prezioek gora egin dute eta horrek arrisku-sarietan izan du isla. Espainiako 10 urterako bonuaren kotizazioa % 0,67 okertu da gaur eta Frantziakoa % 0,53.
Arrisku-sariei dagokienez, Espainiako arrisku saria 118,4 puntutan dago eta Frantziakoa 55,1tan. Euroguneko herrialdeen artean Grezia eta Italia dira arrisku-saririk altuena dutenak, 267 eta 226 hurrenez hurren.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta