• EKONOMIA
  • Arabako txikizkako saltokiek aholkularitza jaso dezakete Alerta Goiztiarra programarekin

Arabako txikizkako saltokiek aholkularitza jaso dezakete Alerta Goiztiarra programarekin

Hamalau establezimenduk izango dute aurten parte hartzeko aukera

Argazkia: Arabako Ganbera
Argazkia: Arabako Ganbera
2025eko ekainaren 23a

Alerta Goiztiarra programa martxan da beste urte batez. Arabako txikizkako saltokiei bideratutako ekimenak helburu du salmenta puntuak hobetzen, bezeroak erakartzen eta salmentak handitzen laguntzea. 2016an abiatu zen ekimena, eta orain arte 134 establezimenduk hartu dute parte. Aurten, hamalau negoziok izango dute aholkularitza jasotzeko parada.

 

Hala, Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberak, Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, lau fasetan banatu du programa. Lehenik eta behin, establezimenduaren diagnostikoa egiten da, egungo egoera eta egitekoak aztertzeko. Jarraian, ekintza plan pertsonalizatua egiten da, epe labur zein ertainean saltokia indartzeko. Hirugarren fasean aurrez aztertutakoa gauzatzen da, aholkularitza eta laguntza teknikoa jasota. Azkenik, ebaluazioa egiten da saltokiaren bilakaera neurtzeko.

Aholkularitza eta adituen laguntza zenbait arlotakoa izan daiteke: merchandising bisuala eta erakusleihoen apainketa, bezeroei arreta emateko teknikak, marka komunikatzeko estrategia, kudeaketa ekonomiko-finantzarioa… Jada onuradun izandako partaide baten hitzetan, programari esker lortutako gomendioak “ekintza errealistak” dira, “inbertsio handirik” egin beharrik gabe.