Algeposak terminal berria izango du Pasaiako portuan

7.200 metro karratuko lurzatian, energia efizientzia hobetzeko garabia eraiki nahi du zamalan enpresak

Argazkia: Pasaiako Portu Agintaritza Argazkia: Pasaiako Portu Agintaritza

Pasa den urriaren 5ean Pasaiako Portu Agintaritzak kaiaren lursail berri bat erabiltzeko baimena onartu zion Algeposa zamalan enpresari. Zehazki, portuko Buenavista itsas terminala eman zaio konpainiari, eta 30 urtez kudeatu ahal izango ditu bertan bere salgaiak.

Algeposak 1.981etik darama lanean Pasaiako portuan, eta 7.246 metro karratuko partzela eskuratu du orain. Pasaiako portuak maiatzean aurkeztu zuen lizitazio publiko irekia, eta Algeposa izan zen aurkeztu zen konpainia bakarra. Beren eragiketen energia efizientzia hobetzeko garabia eraiki nahi dute eskuratutako lurzatian.

“Epe luzerako kontzesioen estrategiarekin aurrera jarraitu ahal izatea bermatuko digu akordio honek”, adierazi du David Candelario Pasaiako portuko zuzendariak. “Lehiakorrak izaten jarraitzea ahalbidetuko digu, eta enpresek portuan inbertitzen jarraituko dute”.

Eragiketa honekin, Pasaiako portuko azaleraren %80 kontzesio bidez osatuta dago. Orain gutxi 30.000 metro karratuko lurzatia eman zitzaion Lezon Sobrinos de Manuel Camara enpresari, Ondartxoko kaia Gipuzkoako Foru Aldundiari Albaola faktoriak erabili zezan eta La Herreran 1.450 metro karratu Sprilurri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK