• EKONOMIA
  • Soldata gordinaren %77,41 bideratzen dute donostiarrek alokairura

Soldata gordinaren %77,41 bideratzen dute donostiarrek alokairura

EAEko hiru hiriburuetan hilean irabazitakoaren erdia baino gehiago erabiltzen da alokairua ordaintzeko

Donostiako portua | Argazkia: iStock
Donostiako portua | Argazkia: iStock
2025eko abuztuaren 18a - 11:53

EAEko hiru hiriburuetan soldata gordinaren erdia baino gehiago bideratzen da alokairu tradizionalera. Hala eman du aditzera pisos.com atariak, zeinak kalkuluak egiteko kontuan izan dituen Espainiako Estatuko batez besteko soldata (2.290,46 euro) eta batez besteko alokairu tradizionalaren neurria (90 metro karratu).

 

Gauzak horrela, Donostia da hiru hirietatik garestiena, batez beste soldata gordinaren %77,41 bideratu behar baita alokairura. Datu hori kontuan izanda, Espainiako Estatuko hirien aldean bigarren garestiena da Gipuzkoako hiriburua. Bilbon ere esfortzu handia egin behar da alokairua ordaintzeko: soldata gordinaren %63,68 bideratzen dute bilbotarrek alokairu tradizionalera. Gasteizen kasuan zifra zertxobait baxuagoa da, irabazitakoaren erdia (%50,64) gastatzen baita alokairu tradizionalean.

Bada etxebizitza partekatu batean gela bakarra alokatzen duen biztanleria ere, eta horien kostua alokairu tradizionalarena baino nabarmen baxuagoa da. Txostenean Donostiako datua argitaratu da: soldata gordinaren %23,87 erabiltzen da batez beste gela bat alokatzeko.