
Gaur argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) Gipuzkoako erreferentziazko prezioen indizea ezartzen duen Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioaren ebazpena. Bihar bertan indarrean sartuko den indize horri esker, lurraldeko tentsio handiko eremuetan (Donostia, Irun, Errenteria, Lasarte-Oria eta Zumaia) alokairuaren prezioak mugatu ahal izango dira.
Argitalpenarekin batera, eguneratu egin dira etxebizitzaren alokairuaren prezioari buruzko Espainiako Estatuko erreferentzia-sistemaren (SERPAVI) datuak eta metodologia, zeinak Gipuzkoari buruzko datuak gehitu dituen lehen aldiz. Era hartan, Ministerioak esan du lurraldeko 38.044 errentamendu-kontratuen datuak jaso direla (urteko 2,4 milioi datu baino gehiago jasota).
Hala, tentsio handiko eremuetan alokairuan dauden etxebizitzek prezio-tarte bat izango dute, baina soilik hiru etxebizitza motetan aplikatuko da: edukitzaile handien higiezinetan (bost etxebizitza edo gehiago dituztenen etxeak), lehen aldiz alokairura ateratzen diren etxeetan eta azken bost urteetan alokatu ez diren etxeetan. Horrek esan nahi du prezioen indizea kontratu totalen %10ari aplikatuko zaiola, gainerako %90 dagoeneko EABren (Etxebizitza Alokairuaren Erreferentzia Indizea) bidezko kontrol-sistemari atxikita zeudelako.