• EKONOMIA
  • Alokairuko etxebizitzen prezioak gora egiten jarraitzen du

Alokairuko etxebizitzen prezioak gora egiten jarraitzen du

%25 garestitu da urtebetean EAEn metro karratuko ordaintzen denaren batez bestekoa

Gasteizen prezioak %3,11 jaitsi dira | Argazkia: iStock
Gasteizen prezioak %3,11 jaitsi dira | Argazkia: iStock
2025eko uztailaren 7a - 12:48

Hego Euskal Herriko alokairuko etxebizitzen prezioak goranzko bidean jarraitzen du, Pisos.com atariak argitaratutako txostenaren arabera. Izan ere, ekaineko datuak aztertuta ikus daiteke duela sei hilabete (2024ko abendua) baino %17,49 eta %16,13 garestiagoak direla etxebizitzak, hurrenez hurren, Nafarroan eta EAEn. Urte arteko metro karratuko prezioaren gorakada are nabariagoa izan da EAEn (%24,82), nahiz eta Nafarroan garestitzea ez den hain nabaria izan (%5,74).

 

Lurraldeka, Bizkaia izan da sei hilabeteetan gehien garestitu dena, batez besteko metro karratuko prezioa %17,90 handitu baita; arestian aipatu bezala, Nafarroan %17,49koa izan da gorakada, eta Araban eta Gipuzkoan, hurrenez hurren, %13,59koa eta %7,94koa. Hortaz, batez beste metro karratuko 13,11 euro ordaindu dira Bizkaian, 10,25 euro Gipuzkoan, 7,94 euro Araban eta 6,45 euro Nafarroan.

Hiriburuei dagokienez, aurreko seihilekoaren aldean soilik Donostian eta Iruñean hazi dira prezioak: %4,82 Gipuzkoakoaren kasuan eta %3,46 Nafarroakoaren kasuan; kontrara, eta lurraldeko batez bestekoan ez bezala, Gasteizen eta Bilbon prezioak zertxobait beheratu dira: %3,11 eta %1,54, hurrenkera bera jarraituta.

 

Aurreko urteko epe beraren aldean, ordea, prezioen gorakada orokorra izan da hiriburu guztietan: %7,39 Iruñean, %6,11 Donostian, %5,05 Bilbon eta %4,81 Iruñean. Ondorioz, gaur egun batez beste 19,70 euro ordaindu behar dira Donostiako alokairuko etxebizitzetako metro karratu bakoitzeko, 16,21 euro Bilboren kasuan, 12,89 euro Gasteizen eta, azkenik, 11,75 euro Iruñean.