Eusko Jaurlaritzak Alokaplus programa jarri du martxan, alokairuen ez-ordaintzeak eta etxebizitzetan eragindako kalteak estaltzeko aseguru publiko eta doakoa. Ekimenaren helburua da etxebizitzen jabeen zalantzak eta kezkak gutxitzea, eta eskaera handiko eremuetan hutsik dauden 25.000 etxebizitzetatik ahal direnak alokairura ateratzea.
Aseguruak ordaindu gabeko alokairuak, jabeak bere gain hartu behar izan dituen hornidura-gastuak eta maizterren erruz edo arduragabekeriaz etxebizitzan eragindako kalteak estal ditzake, betiere ezarritako baldintzak betetzen badira. Oro har, gehienez 14 hilabeteko alokairu-kuotak estaliko ditu; zenbait kasutan, ordea, 20 hilabetera arte luzatu ahal izango da babesa. Hor sartzen dira, besteak beste, 35 urte edo gutxiago dituzten maizterrak, 65 urtetik gorakoak, guraso bakarreko familiak eta beren ardurapean adingabeak edo desgaitasuna duten pertsonak dituzten bizikidetza-unitateak.
Programaz baliatzeko, etxebizitzak ohiko bizileku gisa alokatu behar dira, tentsio handiko eremu izendatutako udalerrietan egon behar dute, eta jabeak gehienez bost etxebizitza izan ditzake. Gainera, alokairuaren prezioak indarreko araudiak ezarritako mugak errespetatu behar ditu. Programa baliatzeko, jabeak eta maizterrak konpromiso-agiri bat sinatu beharko dute, eta alokairu-kontratuari erantsi eta Bizilagun erregistroan aurkeztu. Izapide horiek epaitegian ez-ordaintzeagatik demanda aurkeztu aurretik egin beharko dituzte. Izapidea aurrez aurre edo elektronikoki egin daiteke.
Hala, Eusko Jaurlaritzak galdutako diruaren zenbatekoa ordainduko dio jabeari, baina horrek ez du esan nahi maizterraren zorra desagertuko denik: Administrazioak gero dirua itzultzeko eskatu ahal izango dio. Jabeak aseguruko dirua eskatu ahal izango du, epaitegiak alokairua ez ordaintzeagatik kontratua amaitzeko eta etxebizitza berreskuratzeko demanda onartu ondoren. Eskaera etxebizitza berreskuratu eta hurrengo hiru hilabeteetan egin beharko du, edo demanda onartu eta hurrengo sei hilabeteetan. Gauzak horrela, Alokaplusen bidez, Jaurlaritzak alokairu eskuragarrien eskaintza handitu eta etxebizitza huts gehiago merkaturatzea du helburu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta