
Alokairuko etxebizitzen prezioaren bilakaera aztertzen duen pisos.com atariak abuztuko datuak argitaratu berri ditu. Hego Euskal Herriko etxebizitzen kostua gero eta handiagoa dela argi ikus daiteke zifrak erreparatuta, batik bat, EAEren kasuan.
Metro karratuko prezioa EAEn 12,85 eurokoa da, Espainiako Estatuko batez bestekoa baino zertxobait baxuagoa; halere, Nafarroako alokairuzko etxebizitzak nabarmen merkeagoak dira, metro karratuko batez beste 6,80 euro ordaintzen dira eta. Kontrara, Bizkaia da lurralderik garestiena: metro karratuko 13,80 euro ordaindu ziren abuztuan.
Aurreko urteko epe berarekin alderatuta, prezioen hazkundea are agerikoagoa da: EAEn batez beste %30,46 garestitu dira alokairuan dauden etxebizitzak, eta Nafarroan gorakada %13,52koa izan da. Arestian esan bezala, Bizkaian garestitzea are handiagoa izan da, hots, %37,31 igo dira prezioak urtebetean. Dena dela, Donostiak jarraitzen du izaten Hego Euskal Herriko hiribururik garestiena: metro karratuko ia 21 euro ordaintzen dira, uztailean baino %3,78 gehiago.