• EKONOMIA
  • Amaia Susperreguik jaso du 2026ko Joxe Mari Korta saria

Amaia Susperreguik jaso du 2026ko Joxe Mari Korta saria

JASO taldeko presidentea saritu zuten atzo Ajuriaenean egindako ekitaldian, euskal industriari egindako ekarpenagatik

Amaia Susperregui | Argazkia: irekia
Amaia Susperregui | Argazkia: irekia
2026ko urriaren 23a - 11:52

Imanol Pradales lehendakariak Amaia Susperregui JASO taldeko presidenteari eman zion 2026ko Joxe Mari Korta saria, atzo, urriaren 22an, Ajuriaenean egindako ekitaldian. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua ere izan zen bertan, baita EAEko industriako eta erakundeetako 150 ordezkari baino gehiago ere. Confebask, Adegi, Cebek eta Sea enpresa-elkarteek eta Korta familiak aho batez proposatu zuten Susperregui saridun izatea, euskal enpresa-sarean egindako ibilbideagatik eta industria-garapenari egindako ekarpenagatik.

 

Saria 2000. urtean sortu zuten, ETAk Joxe Mari Korta enpresaburua eta Adegiko presidentea hil ondoren. Eusko Jaurlaritzak enpresa-arloan ematen duen aintzatespen nagusia da, eta industriaren bidez enplegua eta aberastasuna sortzen dituzten pertsonen lana aitortzea du helburu. Susperregui 1991n hasi zen JASOn lanean, eta hainbat ardura izan ditu enpresa-taldean; 2008an dorre-garabien dibisioko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta 2016an beste sektore batzuetako jasogailuen dibisioaren zuzendaritza hartu zuen. 2023az geroztik, taldeko hainbat enpresatako administrazio-kontseiluetako presidentea da.

Saria jasotzean, Susperreguik Joxe Mari Kortaren oroitzapena ekarri zuen gogora, eta aitortu zuen ohore handia zela haren izena daraman saria jasotzea. Era berean, aintzatespena JASO taldeko langile guztiekin partekatu nahi zuela adierazi zuen, bere lan egiteko modua eta balioak taldearen emaitzekin lotuta daudelako. EAEko industriaren etorkizunari buruz ere hitz egin zuen: aldaketa teknologikoek eta egoera geopolitikoaren konplexutasunak erronkak ekarriko dituztela esan zuen, baina gaitasuna eta gogoa izanez gero aurrera egiteko aukerak badaudela nabarmendu zuen.

 

Pradales lehendakariak, bestalde, emakume enpresarien lana ikusgarri egiteko beharra azpimarratu zuen ekitaldian. Haren esanetan, EAEn aurrerapausoak eman diren arren, emakumeek enpresetako zuzendaritza-karguetan dituzten oztopoak gainditu gabe daude oraindik ere. Horregatik, Susperreguiren gisako erreferenteek beste emakume batzuentzat eredu izateko duten garrantzia aipatu zuen. Jauregik ere saridunaren lana nabarmendu zuen, industria aurrerapenean, aberastasunean eta ongizatean egindako ekarpena aitortuz.

Pradales, Susperregui eta Jauregi | Argazkia: Irekia
Pradales, Susperregui eta Jauregi | Argazkia: Irekia

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain