
Amesgaiztotik esnatu dira Iruñean. Bi urtez San Fermin festarik gabe izan ostean, egoera lehengora itzultzen ari dela dirudi. Iruñea erdiguneko hotel eta ostatuen okupazioa pandemia aurreko ehunekoetatik oso gertu dabil aurtengo sanferminetan. Orduko ekitaldietatik zertxobait jaitsi den arren, festa egunik handienetan ia osorik bete dira hiriburuko eta eskualdeko hotel eta ostatuak. Iruñeko Hotelen Elkarteak eskainitako datuen arabera, sanferminetako lehen bi egunetan, hiriko hotelek % 90eko okupazioa izan zuten eta eskualdeetakoa % 85en bueltan izan zen.
Zifrak apur bat hazi dira igaro berri den asteburuan, % 92raino igo baita okupazioa. Eskualdeko zenbait hotel eta ostatutan, gainera, gaua pasatzeko ohe bakar bat ere ez da egon libre, % 100ean bete baitira. Bart gauean jaitsi egin da okupazioa, % 85 inguruan izan da eta gaurko ere antzeko datuak espero diren arren, Iruñeko Hotelen Elkartetik jakinarazi dute sanferminetako azken bi egunetarako, okupazioa nabarmen jaitsiko dela. Azken orduko erreserben faltan, momentuz, hotel eta ostatuen erreserbak % 60-70ean daude. Hala ere, hilaren 11 eta 12a Iruñeko enpresek gonbidatuak ekartzeko aprobetxatzen dutela eta bezero nazionalak ugaritzen direla azaldu dute. Bestalde, adierazi dutenez, uztailaren 13a eta 14a dira frantses gehien etortzen diren egunak. Ikusteko dago, beraz, datozen egunetako okupazioa azkenean zenbatekoa izango den.
“Sanferminetako egun guztiak kontuan hartuta, gutxi gorabeherako okupazioa %90en bueltan geratuko da”
Argi diote oraindik ere goiz dela hotel eta ostatuetako okupazioari dagokionean 2022ko sanferminen egiazko balantzea egiteko, baina festetako egun guztiak kontuan hartuta, gutxi gorabeherako okupazioa % 90en bueltan geratuko dela uste dute. Hala, arrakastatsutzat dituzte aurtengo sanferminak: “Pozik gaude aurten Iruñean zein eskualde osoan hotel eta ostatuetan izaten ari den mugimenduarekin. Arrakastaren seinale da guretzat, are gehiago zein egoeratatik gatozen jakinda”, adierazi dute Elkartean.
Ez dira guztiz bete
Atzean geratu ziren, hori bai, jaiak iraun bitarteko egun guztietan hotel eta landetxeak erabat betetzen zireneko urte haiek, ez Iruñekoak bakarrik, baita eskualde osokoak ere. Iruñeko Hotelen Elkarteak jaitsiera hori egungo egoera ekonomikoarekin eta Ukrainako gerrarekin lotzen du. Hala ere, 2018an eta 2019an ere antzeko datuak izan zirela gogorarazi du.
Era berean, aurten bisitarien gehiengoa nazionala dela azaldu dute, okupazioaren zenbatekoa aurreko urteetako mailan badago ere, gaua hirian igarotzen duten erabiltzaileen profila aldatu egin delako. Aurreko urteetan Ameriketako Estatu Batuetatik, Australiatik eta Mexikotik etorritako bezeroak nabarmentzen baziren, egoera sozial eta geopolitikoak 2022ko sanferminetan turismo nazionalaren protagonismo handiagoa ekarri dutela uste dute: “Lehen, bertan gaua pasatzen zutenen % 80 bisitari internazionalak ziren, eta % 20 baino ez zen nazionala. Joera erabat aldatu da”, azaldu dute.
“Lehen, bertan gaua pasatzen zutenen % 80 bisitari internazionalak ziren, eta % 20 baino ez zen nazionala. Joera erabat aldatu da”
Erkidegoko landa-ostatuen egoera konplexuagoa da. Nafarroako Landa Turismoko Federazioak uste du lurraldeko zenbait puntutan duela egun gutxi izandako suteek eragin zuzena izan dutela erreserbetan. “Sua indarrean zegoen egunetan erreserben % 19 bertan behera geratu ziren eta gertaerak erreserba berrien moteltzea ekarri du”, diote. Hala ere, San Fermin jai hauetan % 60ko okupazioa izatera iritsi dira landa-ostatuak ere.
Garraio publikoa beteta
Madrildik eta Bartzelonatik sanferminetara hurbiltzeko Renfek jarri dituen tren berezietako txartel guztiak agortu dira. Renferen arabera, hilaren 5etik 25.000 pertsona baino gehiago iritsi dira Iruñera. Bestalde, geldialdia soilik geltoki nagusietan egiten duten trenak ere batez beste % 90-95ean bete dira. Errepideko garraio-lineek ere ia txartel guztiak saldu dituzte festak hasi zirenetik eta asteburuan txartel guztiak saldu dira.