• EKONOMIA
  • Ametsetatik errealitatera: nola finantzatu proiektu pertsonal bat

Ametsetatik errealitatera: nola finantzatu proiektu pertsonal bat

Autonomo gisa lanean hasteak edo negozio bat martxan jartzeak konplexutasun asko izan ditzake. Nondik atera dirua? Nori eskatu laguntza? Euskal Herrian badaude ekintzaileentzako hainbat eta hainbat aholkularitza programa

EAEn ekintzaile potentzialen tasa %6,8koa da, baina ekintzailetza errealarena %6,0ra jaisten da; Nafarroan, berriz, %7,0tik %5,4ra beheratzen da tasa | Argazkia: iStock
EAEn ekintzaile potentzialen tasa %6,8koa da, baina ekintzailetza errealarena %6,0ra jaisten da; Nafarroan, berriz, %7,0tik %5,4ra beheratzen da tasa | Argazkia: iStock
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026eko urtarrilaren 30a - 05:30

Proiektu bat martxan jartzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Lehenik eta behin, zer egin nahi den zehaztu behar da: Zer eskainiko diot nik gizarteari? Zein produktu edo zerbitzu salduko dut? Ez da gauza bera zure lagunarekin kafetegi bat irekitzea, autonomo gisa argazkilari bilakatzea ala psikologia kontsulta propioa martxan jartzea. Aukera dena dela, negozio ideia argi izatea funtsezkoa da, ondorengo prozesu osoa behar bezala hasi nahi bada. 

 

Hurrengo pausua, galdera juridikoa izaten da: autonomo gisa hastea ala sozietate bat (mugatua, anonimoa…) sortzea komeni da? Aukera batak zein besteak bere alde onak eta mugak ditu. Gai horretan sakonki murgiltzea ez da artikulu honen helburua, baina pare bat gauza orokor aipa daitezke: autonomo izatea, oro har, errazagoa eta azkarragoa da, hasiera batean kostu txikiagoa suposatzen duelako eta lehen urtean atxikipen murriztuak aplika ditzaketelako; sozietate bat martxan jartzeak, ordea, oro har tramite gehiago eta inbertsio handiagoa eskatzen du. Era berean, negozioak porrot egiten badu, autonomoa denak norberaren ondarearekin erantzun beharko du, eta sozietatea sortzen duenak, aldiz, ez. Ez da erabaki erraza izaten, eta normalean negozioaren tamainak, arrisku mailak eta epe ertainera begirako asmoek baldintzatzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, hasierako fasean dauden negozioen %42 autonomo gisa hasten dira, Euskal Ekintzailetzaren Behatokiaren datuek diotenaren arabera, eta, %29,4 elkarte mugatu baten bidez; kooperatiba izatea ere aukeratzen du negozioen %5,3k.

Edonola ere, zer nahi duen argi duen jende askok ez du lortzen negozioa behin betikoz abiatzea, datu ofizialek berresten baitute arrakala existitzen dela ekin nahi dutenen eta benetan ekitea lortzen dutenen artean: EAEn ekintzaile potentzialen tasa %6,8koa da, baina ekintzailetza errealarena %6,0ra jaisten da; Nafarroan, berriz, %7,0tik %5,4ra beheratzen da tasa. Jauzi hori ez egitearen atzean informazio eza eta ziurgabetasuna izaten dira sarri: Nola finantzatu proiektua? Nori eskatu laguntza? Nola bermatu jardueraren bideragarritasuna lehen hilabeteetan? EnpresaBIDEAn kalera atera gara hori bera galdetzera: “Bankuari mailegua eskatu” eta “Ez dakit nondik hasiko nintzatekeen” izan dira gehien errepikatutako erantzunak (ikusi bideo osoa artikuluaren amaieran). Horregatik, jarraian negozio bat abian jartzeko dauden finantzaketa modurik ohikoenak errepasatuko ditugu.

 

Dirua, nola edo hala

Finantzaketa bilatzea izaten da askorentzat oztoporik handiena proiektu berri bat abiatzean. Zorterik handiena duenak, nahikoa aurrezki izango ditu hasierako fasean inbertsioa egiteko; familiaren edo lagunen ekarpen ekonomikoa jasotzeko aukera dutenak ere izango dira. Bide zuzena eta "sinplea" da, ez baitago bitartekaririk ezta interesik ordaindu beharrik ere. Hori bai, arriskua handia izan daiteke, proiektuak huts egiten badu norberarenak izango baitira galdutako ondasun guztiak. 

Aukera ohikoagoa izaten da, aldiz, bankuei mailegua eskatzearena. Finantza-erakundeek emandako diruarekin inbertsio handiagoak egin daitezke, baina, trukean, diru hori interesekin itzuli beharko da. Zorra denboran zehar ordaindu ahal izateko, proiektua ondo planifikatua izatea suposatzen du horrek. Badira, halaber, inbertsore pribatuen bidezko finantzaketa-bideak. Kasu horietan, kapitala duten pertsonek edo enpresa pribatuek dirua jartzen dute proiektuetan, negozioaren zati bat eskuratzearen truke. Bide hori erabilita, ekintzaileak ez du izango proiektuaren kontrol osoa, baina esperientzia dutenen aholkularitza eta kontaktuak eskura ditzake.

EAEn hasierako fasean dauden negozioen %42 autonomo gisa hasten dira

Azken urteotan indarra hartu duen beste formula bat crowfundingarena izan da, zeinaren bitartez jende askori eskatzen zaion ekarpen ekonomikoa, normalean, plataforma digitalen bitartez. Kanpaina on bat egitea ezinbestekoa da horretarako, proiektua ondo azaldu eta jendearen konfiantza lortzeko. Abantaila handia du prozesu horrek: oro har, ez da interesik ordaindu behar izaten eta ez da negozioaren jabetza galtzen.

Eta, noski, finantzaketa lortzeko beste bide bat laguntza publikoena da. Administrazioek dirulaguntzak eskaintzen dituzte ekintzailetza sustatzeko, nahiz eta prozesuak askotan luzeak eta konplexuak izaten diren. Baldintza zehatzak bete behar dira eta gastuak ondo justifikatu. Gainera, gutxitan jakiten da aurretiaz zenbat diru jasoko den. Hala ere, jasotako dirulaguntzak ez dira itzuli behar izaten eta ez dute interesik izaten, horrek aukera erakargarri bihurtuta. 

Azkenik, hazkunde azkarra eta eskalagarritasun handia duten proiektu eta start-upentzako, venture capital (arrisku-kapitala) delakoa dago. Kasu horretan, inbertsio-funtsak start-upetan sartzen dira bazkide gisa, kapital handia jarrita partaidetzaren truke. Helburua ez da izaten epe laburreko irabazia, baizik eta etorkizuenan inbertsioa saltzea, proiektuaren balioa nabarmen handitu denean. Ez da edonorentzako finantzaketa-bide egokia, baina sektore jakin batzuetan funtsezkoa izan daiteke.

Aholkularitza ona, proiektu hobea

Proiektuak finantzatzeko bideak hainbat izanik ere, logikoena zuzenean profesionalen aholkularitza jasotzea da, informazio eta laguntza zehatza lortzeko. Euskal Herrian badira horretarako sortutako programa eta zerbitzu ugari, ekintzaileei lehen urratsak ematen laguntzeko, bai oraindik negozioa sortu ez dutenentzat, bai hasierako fasean dauden proiektuentzat. 

BIC Arabak, esaterako, +Ekin Araba programa sustatzen du, zeinak enpresa berriei 80.000 eurorainoko laguntza ekonomiko zuzena eskaintzen dien; horrez gain, aholkularitza eta proiektuaren jarraipena ere bermatzen ditu. Ildo berean, Eusko Jaurlaritzaren Spri Taldeak Aurrera izeneko programa du martxan, profil berritzailea edo teknologikoa duten ETE sortu berriei epe luzeko finantzaketa eskuratzen laguntzeko. Oro har, BIC zentroen eta Spriren inguruan zenbait eta zenbait prestakuntza-saio, tailer eta jardunaldi tekniko antolatzen dira, negozioen sorrera zein hazkunde fasea lantzera bideratutakoak. 

Finantzaketa bilatzeko prozesuan laguntza behar dutenentzat erreferentziazko zerbitzua da Gaztenpresa fundazioarena

Nafarroako Gobernuak eta CEIN Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarrak ere antzeko sare bat dute martxan. Enpresa bat sortu nahi dutenek zein jada sortuta dutenek aholkularitza-saioak eta informazioa jasotzeko aukera dute, hilero-hilero antolatzen baitituzte ekintzak. Horrez gain, autonomoentzako dirulaguntza espezifikoak daude, besteak beste, lehen langile bat kontratatzeko. 

Era berean, finantzaketa bilatzeko prozesuan laguntza behar dutenentzat erreferentziazko zerbitzua da Gaztenpresa fundazioarena (Laboral Kutxaren eskutik). Ez dute zuzeneko dirulaguntzarik ematen, baina proiektu bakoitzerako finantzaketa-formularik egokiena bilatzen laguntzen dute, eta prestakuntza ere eskaintzen dute, tailer eta saioen bitartez. 

Ipar Euskal Herrian, berriz, Basque Invest bezalako ekimenek doako eta pertsonalizatutako aholkularitza eskaintzen dute. Negozioaren sorrera, negozio-plana, finantzaketa edota kokapen estrategikoa bezalako gaiak lantzen dituzte, ekintzaile bakoitzaren beharretara egokituta. 

Proiektu bat martxan jarri nahi duen pertsona ororentzat komenigarria izango da programa horiek guztiak begiz jota izatea, askotan dirua bera baino baliotsuagoa izaten baita aholkularitza egokia jasotzea.