Amiantoaren biktimentzat 25 milioi euroko konpentsazio funtsa onartu du Senatuak

Eusko Legebiltzarrak duela 11 urte sustatutako eskaera bete egin da azkenean

Amiantoaren legea eskatzeko protestetako bat | Argazkia: Europa Press Amiantoaren legea eskatzeko protestetako bat | Argazkia: Europa Press

Amiantoaren biktimentzako 25 milioi euroko funtsa errealitate bihurtu da azkenean. Funtsaren aldeko 259 botorekin, aho batez onartu dute Espainiako Senatuan, azken izapidea betez. Alderdi ezberdinetako senatariak bat etorri dira bi puntutan: legea onartzeko guztiek lortu duten adostasunean, eta izan duen atzerapenean, hamaika urte igaro baitira lehen aldiz eskaera egin zenetik.

Jon Garciak, Amiantoaren Biktimen Elkarteko bozeramaileak, funtsaren onarpena txalotu du. “Epe luze eta zailari amaiera eman zaio”, adierazi du. Izan ere, hiru aldiz iritsi da eskaera Espainiako Gorteetara, baina ez zuen aurrera egin 2021eko apirilera arte. Onarpen horrek, baina, ez zuen funtsaren hasiera automatikoa eragin, funts horretan jarri beharreko dirurik ez zuelako jartzen Espainiako Gobernuak. Azkenean, euskal alderdien presioen ondoren, Madrilek 25 milioi euro baztertu zituen funtserako 2022ko aurrekontuetan, eta diru horrekin eratuko da.

Orain, legea indarrean jartzea eta «denbora laburrean» aplikatzea da Garciaren nahia, baina oraindik denbora beharko da amiantoaren biktimek dirua jaso ahal izateko. Izan ere, behin legea BOE Espainiako aldizkari ofizialean argitaratu ondoren, hiru hilabete beharko dira funts horren kudeaketaren arauak garatzeko.

Espainiako Gizarte Segurantzak kudeatuko du, eta, estatuko aurrekontuetako diruarekin ordaindu beharrekoak ez ezik, langileak amiantoaren kalteetatik babestu ez zituzten enpresek ordaindu behar dituzten zigorrak ere funtsera bideratzea da asmoa.

Ehunka hildako

Amiantoaren ondorioz, 825 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian 1999tik 2018ra bitartean. 2019an, 30 langile hil ziren. Hala ere, Asviamie biktimen elkarteak jakitera eman duenez, kasuen %10 baizik ez dira horiek, amiantoaren kalteak ez baitira berehala agertzen, produktu kaltegarri horrekin lan egin eta urte batzuetara baizik, batzuetan loturarik ez duela uste den arren.

Hildako gehienak, amiantoa zuten produktuekin lan egindako industriako eta eraikuntzako langileak dira, gizonak gehienbat. Biktimen artean daude, hala ere, amiantoarekin kutsatuta zeuden arropak garbitzeagatik hildako emakumeak ere. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK