• EKONOMIA
  • Anjeles Iztueta: "Ziurgabetasun globala eta desberdintasun sozialen arriskua mantenduko dira"

Anjeles Iztueta: "Ziurgabetasun globala eta desberdintasun sozialen arriskua mantenduko dira"

Anjeles Iztueta Azkue | Argazkia: Maialen Andrés/Foku
Anjeles Iztueta Azkue | Argazkia: Maialen Andrés/Foku
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria
2025eko abenduaren 26a - 05:30

Datuetan oinarritutako politikek gero eta pisu handiagoa dute Anjeles Iztueta Azkue matematikariaren eta Gaindegiako Batzorde zientifikoko kidearen ustetan, eta horrek galdera garrantzitsuak sortzen ditu: kolektibo ahulen errealitatea isla daiteke inflazioaren edota interes-tasen bilakaera aztertuz? Matematikariaren iritziz, 2026an analisi ekonomikoaren eta errealitate sozialaren arteko oreka izango da eztabaidagai nagusietako bat.

 

Zein da matematika eta estatistikarekin harremana duen 2025ko albiste ekonomiko garrantzitsuena? Zergatik?

Nire ustez, matematika eta estatistikarekin harreman estuena duen 2025eko albiste ekonomiko garrantzitsuena inflazioaren eta interes-tasen bilakaera izan da, bereziki, datu estatistikoen bidez hartutako politika monetarioen eragina gizartean agerian geratu delako. Eredu matematikoek erabaki makroekonomikoak gidatu dituzte, baina askotan kolektibo ahulenen errealitatea behar bezala islatu gabe.

 

2026ra begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenu, zein nahiko zenuke titularra edo albistea izatea?

2026ari begira, titularra honakoa izatea nahiko nuke: “Datuetan oinarritutako politika ekonomikoek hazkunde jasangarria eta desberdintasun txikiagoak ekarri dituzte”.

"Eredu matematikoek erabaki makroekonomikoak gidatu dituzte, baina askotan kolektibo ahulenen errealitatea behar bezala islatu gabe"

Zer diote estatistikak eta matematikek 2026ari dagokionez?

Estatistikek aurreikuspen zuhurra egiten dute: hazkunde moderatua, ziurgabetasun globala eta desberdintasun sozialen arriskua mantenduko dira.

Adimen artifizialaren eta datu-bolumen handien erabilerak analisi ekonomikoetan eragin geroz eta nabariagoa du eta izango du. Zein puntura arte izan behar du hala? Non dago muga?

Adimen artifizialak eta datu handiek analisi ekonomikoa hobetu behar dute, baina laguntza-tresna gisa, ez erabaki automatikoen ordezko gisa. Muga argia da: gardentasuna, kontrol etikoa eta pertsonen ongizatea ezin dira inoiz algoritmoen menpe utzi. Ekonomia gizartearentzat izan behar da, ez alderantziz.