• EKONOMIA
  • 9,2 milioi kilo berdel eta 2,9 milioi kilo antxoa arrantzatu dira euskal portuetan

9,2 milioi kilo berdel eta 2,9 milioi kilo antxoa arrantzatu dira euskal portuetan

Iaz, kiloko 1,34 euro ordaindu ziren berdelagatik; aurten, ordea, 2,1 euro

Antxoa kiloa 2,27 eurora ordaindu da | Argazkia: Irekia
Antxoa kiloa 2,27 eurora ordaindu da | Argazkia: Irekia
2025eko maiatzaren 2a - 13:19

XIII. Antxua Eguna dela-eta, Getarian izan da Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko sailburuordea, eta berdelaren zein antxoaren kanpainen datuak eman ditu aditzera.

 

Berdelaren kasuan, Espainiako Estatuko harrapaketa guztitik 9,2 milioi kilo lehorreratu dira EAEko lonjetan (Espainiako Estatuko kuotaren %73), batez besteko kiloko 2,10 euroko prezioan. Iazko prezioa baino garestiagoa da aurtengoa, aurreko urtean kiloko 1,34 euro ordaindu baitziren.

Antxoaren kasuan, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostan jaso dira 2,9 milioi kilo, Espainiako Estatuko kuotaren %30 eta iaz baino %68 gutxiago. Sailburuordeak adierazi du Bizkaia eta Kantabria arteko mugan arrantzatzen dela gehien bat antxoa, eta ondorioz, “kanpoko flotaren zati handi batek” portu horiek aukeratu dituztela harrapaketarako, “gure salmenta-lonjen kaltetan”. Prezioak, hala, gora egin du, iazko kiloko 1,51 eurotik 2,27 eurora pasa. Prezioaren gorakada antxoaren tamaina handiagoari egotzi dio sailburuordeak, kontserba-industriak “gehien estimatzen” duena baita.