• EKONOMIA
  • Arabako ardogintzako sindikatuek mobilizazioak areagotuko dituzte

Arabako ardogintzako sindikatuek mobilizazioak areagotuko dituzte

LABek, UGTk, CCOOk eta ELAk salatu dute SEA patronalak eta upategiek bost hilabete baino gehiago daramatzatela haien proposamen bateratuari erantzun gabe

Argazkia: LAB
Argazkia: LAB
2026ko urriaren 21a - 13:02
Eg. 2026ko urriaren 21a - 16:17

LABek, UGTk, CCOOk eta ELAk salatu dute Arabako ardogintza sektoreko langileen hitzarmena negoziatzeko prozesua geldirik dagoela. Sindikatuek maiatzean aurkeztu zuten proposamen bateratua, upategien eskaerari erantzunez, baina ordutik ez dute erantzunik jaso, ez SEA patronalaren eskutik, ezta upategien eskutik ere. Uztailean, patronalak "azken momentuan" bertan behera utzi zuen sindikatuekin aurreikusitako bilera, upategiekin proposamena aztertzeko denbora gehiago behar zuela argudiatuta.

 

Egoera horren aurrean, sindikatuek erabaki dute mobilizazioak areagotzea. Azaroaren 5ean Arabako Batzar Nagusietara joango dira, sektorearen egoera eta negozioaren geldialdia alderdi politikoei azaltzeko. Horren ostean, Arabako Errioxan auto-karabanak egingo dituzte, eta abenduaren 5ean Gasteizko Ardoaraba jaialdian parte hartuko dute. Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteko ere prestatzen ari omen dira.

Sindikatuen arabera, sektoreko langileek ahalegin handia egin dute aurtengo mahats-bilketa aurrera ateratzeko, "oporrak bertan behera utziz eta jardunaldi amaigabeak eginez". Hala ere, ohartarazi dute euren lan-baldintzak ez direla hobetu eta soldatek inflazioaren eragina jasaten dutela. Haien ustez, egoerak hala jarraitzen badu, langileek ez dute izango beste erremediorik beste sektore batzuetara lanera joatea baino, eta horrek eragina izan lezake ardogintzako jardueran.

 

SEA patronalak eta upategiek sektorearen eskaerei erantzuten ez badiete, protesta gehiago egiteko prest agertu dira lau sindikatuak, lanuzteak eta grebak barne. Horrez gain, azaroaren 11ko Greba Orokorrean parte hartzeko deia egin diete sektoreko langileek, baita deitutako mobilizazioetara batzeko deia egin ere.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain