Arabako 2025eko abenduko Barometro Soziologikoak agerian utzi du etxebizitza dela herritarren arazo nagusia, gainerako kezketatik alde handiz bereizita. Izan ere, inkestatutako pertsonen %30,5ek aipatu dute lehen kezka gisa, eta segurtasunik eza eta delinkuentzia bigarren tokian geratu dira (%10,7). Atzetik daude azpiegiturak eta garraioak (%8,1) eta industria eta enplegua (%7,4). Herritarrek, oro har, bizi kalitate ona hautematen dute, 7,45eko puntuazioarekin, eta egoera ekonomikoa ere ondo baloratzen dute, 6,28 punturekin
Emaitza horiek jasotzeko, Gizakerrek 1.200 elkarrizketa egin ditu Arabako Foru Aldundiaren enkarguz egindako ikerketan, abenduaren 12tik 18ra, telefonoz. Datuen arabera, bizi kalitatearen balorazioa handiagoa da gazteen artean eta zertxobait apalagoa adin aurreratuetan. Biztanleen %54,4k uste du Araban bere ingurune hurbilean bezain ondo bizi dela, eta %27,8k dio hobeto bizi dela; aldiz, %8,1ek inguruko tokietan baino okerrago bizi dela sentitzen du. Arabaren eta EAEren egoera orokorra ere positiboki baloratzen dute, Espainiako Estatukoaren gainetik.
Zerga eta inbertsio publikoei dagokienez, gehiengak babesten du kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko zergak ordaintzea: %88,5 alde agertu da, eta %59,6 prest legoke gehiago ordaintzeko zerbitzuak hobetzen badira. Azpiegitura handien inguruan ere jarrera baikorra nagusitu da: inkestatutakoen %72,5ek modu positiboan baloratzen du abiadura handiko trena, eta %71,6k onuragarria ikusten du Gasteizera iristea. Halaber, energia berriztagarrien sustapena indartzearen alde daude %76,4, erdiak baino gehiagok premiazkoa dela iritzita.