Deustobarometroaren edizio berria gaur goizean aurkeztu dute Bilbon, eta datu esanguratsu ugari utzi ditu. Esaterako, bizitzaren kostua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %34entzat arazo garrantzitsuena dela, eta %24k uko egingo diela udako oporrei.
Aitzitik, iritziak eta lehentasunak biltzen dituen seihileroko inkestak agerian utzi du zein den kezka-foko garrantzitsuena: parte hartzaileen %50entzat etxebizitza lortzea bilakatu dela arazo nagusi. Egungo etxebizitza politikei 3,8ko nota eman badiote ere, are kezkagarriagoa da etorkizuneko begirada, epe ertainerako irtenbideekiko ezkorra baita parte hartzaileen %71. Gainera, %63k turismoak alokairuko etxebizitzen prezioen igoeran eragiten duela adierazi du (eta hirutik batek euskal kultura eta identitatearen galeran eragiten duela). Aipatzekoa da etxebizitzarekiko kezka nabaria ez dela soilik Deustobarometroan agertu. Orain egun batzuk Jaurlaritzak argitaratutako Soziometroan parte hartu zutenen %60rentzat zen kezka, martxoko inkesta beretik 3 puntu hazi ondoren.
Deustobarometroak jasotako lehen eta hirugarren kezka nagusiak, beraz, oso lotuta daude ekonomiarekin. Bigarrenari dagokionez, osasunarekiko kezka da, %38k aipatu duena. Esanguratsua, gainera, Osakidetzaren balorazioa 5,2an kokatu dela, eta erakundeekiko konfiantza 5,9an, bi kasuetan beherakada batekin. Segurtasunari eta immigrazioari buruzko kezkek bera egin dutela aipatu behar da kasu honetan, %22k eta %18k aipatu baitituzte, hurrenez hurren.
Euskara eta enplegu publikoa
Euskara eta lanaz galdetu du Deusto barometroak, eta hor iritziak banatuago ikus daitezke. %50ek ez du uste gure hizkuntzaren kontrako oldarraldi judizialik dagoenik, eta %33k, aldiz, baietz dio, hori sentitzen duela. %47k uste du euskara eskakizun gehiegi daudela enplegu publikoa lortzeko orduan, %33 ados dago egungo ereduarekin eta % 18k babesten du euskara eskakizunak gehitzea.
Aipatu daitekeen beste puntu bat dira beldur globalak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %45k aipatu ditu gerrak, %36k prezioen egoera, eta %33k demokrazioaren kontrako ideien gorakada.