
SEA Arabako enpresen elkarteak urteko Batzar Nagusia izan du gaur, lehen aldiz Juan Antonio Sánchez Corchero presidente izanik. Corcherok azpimarratu du elkarteko enpresek ekarpen handia egiten diotela garapen ekonomiko eta sozialari, bai Araban, baita EAEn ere. Lurraldeko ongizatea lortzeko, enpresen, administrazio publikoaren eta gizartearen arteko lankidetza beharrezkoa dela ere gaineratu du.
EAEko enpresek 56.000 milioi euro baino gehiagoko BPG sortzen dutela gogorarazi du, baita gizarte aktiboaren %70ari enplegua ematen dietela ere. Arabaren kasuan, industriak garrantzia berezia duela adierazi du, BPGren %33 eta lau enplegutik bat sortzen baitu.
Orotariko gaiak lantzeko Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak balio handia duela ere azaldu du, besteak beste, lan jardunaldiari edo gutxieneko soldatari buruz eztabaidatzeko, baita enpresen eraginkortasun eta lehiakortasunari buruz hitz egiteko ere. Ildo beretik, “esertzeko eta edozeri buruz hitz egiteko prest” daudela azaldu du, betiere, “aurreiritzi ideologikorik ez badago eta enpresekiko errespetua erakusten bada”. Absentismoaren gaia ere mahaigaineratu du presidenteak, “arazo kapital” gisa definituta.
Batzar Nagusiari itxiera emateko, SEAk urtero banatzen duen Enpresa-konpromisoaren saria banatu du: aurten, Enrique del Valle izan da saritua, hau da, Instalazio eta Muntaketa Elektrikoak Del Valle Aguayo enpresaren fundatzailea, epaimahairen esanetan del Vallek ardura handia erakutsi baitu Arabako enpresekin.