Arabako Foru Aldundiak 64 espediente ireki ditu Ticket Bai sistema ez ezartzeagatik. Salaketa jarri die, besteak beste, Gasteizko festetako hainbat txosnei. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak gaia aztertzen ari direla adierazi du gobernu kontseiluaren osteko bileran.
Irekitako espedienteei buruz galdetuta, "prozedimendu garantista” dela argitu du Gonzalezek, “zergadunak nahi dituen alegazioak egiteko aukera baitu”. Espedienteen emaitzak ateratzear daudela ere gehitu du.
Halaber, gogorarazi du aldundiak baduela gaitasuna Ticket Bai zeinek erabiltzen duen eta zeinek ez ezagutzeko, eta zerga betebeharrak betetzearen garrantzia azpimarratu du: "Gardentasunaren eta elkartasunaren oinarrizko printzipiotik bete behar dira. Ezin da esparru ilunik egon zerga betebeharrak betetzerako orduan".