Arabako Foru Ogasunak urrats garrantzitsua eman du bere eraldaketa digitalaren bidean, SAP teknologian oinarritutako zerga sistema berria ezarrita. Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak azaldu duenez, sistema hau “nazioartean finkatutako eredua da, eta administrazio publikoek kudeaketa modernizatzeko apustua egiten dute haren bidez”.
Plataforma berria informazio bolumen handiak eta prozesu fiskalak kudeatzeko diseinatuta dago, segurtasuna eta integrazioa bermatuta. Gonzalok nabarmendu du sistemak “berme maila altua” eskaintzen duela eta modulu guztiak denbora errealean konektatzen direla, zergadunen erroldatik zerga kontabilitatera arte. Horrek informazio koherente eta eguneratua eskaintzen du, eta erabaki azkarragoak hartzea eta gardentasun handiagoa ahalbidetzen du.
Beste ezaugarri bat moldakortasuna da, sistema arau aldaketetara eta zerga figura berrietara egokitzeko gai baita. “Zerga ingurune aldakor batean hori funtsezkoa da kudeaketaren arintasunari eusteko”, gaineratu du foru diputatuak. Gonzalok azpimarratu du halaber “teknologia zaharkituak atzean utzi” eta Europako administrazio digitalaren estandarrekin bat egiteak zerbitzu publikoaren kalitatea hobetuko duela, zergadunentzako prozedura errazagoekin eta arreta pertsonalizatuagoarekin.
Proiektuaren lehen fasean zergadunen errolda eta kontabilitatea landu dira, eta bigarrenean zerga aplikazioak progresiboki integratuko dira. Horrez gain, Foru Ogasunak Digitalizazio Prozesua Azkartzeko eta Koordinatzeko Bulegoa sortu du, Araba Digitala proiektuaren koordinazioa eta aplikazio zaharkituen kudeaketa bere gain hartzeko. Gonzalok adierazi duenez, “digitalizazioa ez da helburu bat bere horretan, baizik eta administrazioa gardenagoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa lortzeko bitartekoa”.
Ekimen hau Eskualdeko Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du.