Politika Orokorrari buruzko Eztabaidaren lehen saioa egin da gaur Araban. Bertan, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak egungo legegintzaldian zehar gauzatutako ekimenak gogorarazi ditu, baina hainbat berritasun ere mahaigaineratu ditu, Laudioko Trenbide Berrikuntzako Zentroa eta Amurrion egoitza izango duen ikus-entzunezko hub-a, kasu.
Trenbide Berrikuntzako Zentroa Arabako Foru Aldundia garatzen ari den "dibertsifikazio estrategiaren" baitan eraikiko da. Laudion kokatutako azpiegitura sortzeko Talgoren zein Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasoko du Aldundiak, eta helburu izango du "jauzi kualitatiboa ematea Arabak trenbide sektorean duen posizionamenduan".
Ikus-entzunezkoen sektorea ere indartu nahi du Aldundiak, eta horretarako hub berria garatuko da Amurrion. Proiektua osatzeko, "lehen mailako nazioarteko produkzio etxe bat" Araban ezarriko dela ere iragarri du Gonzalezek, urte honen amaieratik 2027ko hasierara bitartean.
Ahaldun nagusiak nabarmendu duen beste proiektu bat talent house (talentuaren etxea) berria izan da. 2027an inauguratuko den egoitzak xede izango du lurraldera profesional kualifikatuak erakartzea, aldi baterako ostatua eskainiko baitzaie Arabako enpresetan lan egitera datozen pertsonei. Ildo beretik, Betoñoko Enpresa Parkea izango dena ere aipatu du Gonzalezek: biozientziekin, mugikortasun jasangarriarekin, energia garbiekin eta bestelako sektore berritzaileekin lotutako industriak erakartzeko pentsatutako parkea. Parkea kokatzeko lurzorua identifikatuta badago ere, lur horiek eskuratzeko prozesuan ari da Foru Aldundia.
Beste hainbeste ekimen eta proiektu iragartzeaz gain, ahaldun nagusiak defendatu du lurraldeak gaur egun "indar ekonomikoko egoera duela". Arabako BPGd-a %2,2 handitu zen iaz, eta 2026ko lehen hiruhilekoan %2, "Gizarte Segurantzako afiliazio maila errekorrarekin eta langabeziako gutxieneko historikoarekin" batera.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta