• EKONOMIA
  • Arabako turismoa aztertuko duen plataforma adimenduna aurkeztu du aldundiak

Arabako turismoa aztertuko duen plataforma adimenduna aurkeztu du aldundiak

Bidaiarien ohiturei buruzko datuak jasoko ditu plataformak

Europar Batasunak eta Aldundiak finantzatuko dute proiektua | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Europar Batasunak eta Aldundiak finantzatuko dute proiektua | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2025eko azaroaren 17a - 13:20

Arabako Foru Aldundiak iragarri du datozen hilabeteetan martxan jarriko duela turismoari buruzko plataforma adimendun berri bat, zeinaren bitartez datu turistikoak neurtuko eta alderatuko diren. 1,9 milioi euroko lizitazio aurrekontua du proiektuak, Europar Batasunak finantzatuko du guztizkoaren %73 eta gainerakoa (%27) foru aldundiaren esku geratuko da. Aurreikuspenen arabera, 2026ko uztailean hasiko da funtzionatzen, baina urtarrilean bertan hasiko dira plataforma garatzen.

 

Proiektuaren aurkezpenean, Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak zehaztu du plataforma “indartsuari” esker Araba bisitatzen duten bidaiarien ohiturei buruzko datuak sistematikoki bilduko direla, eta, horri esker, lurraldea beste helmuga batzuekin alderatzeko aukera izango dela, “kalitatezko helmuga jasangarri eta inklusibo gisa finkatzeko” estrategia hobeak diseinatzea ahalbidetuta.

Hasiera batean, enoturismoari, gastronomia turismoari eta industria turismoari lotutako baliabideen jarduerak monitorizatuko dira, eta bi tresna osagarri ere eskainiko dira: ibilbideak gomendatzeko tresna bat (sistema adimendunak proposamen egokituak eskainiko ditu) eta turismo txartel bat (zerbitzuen eta onuren sarbidea zentralizatzen duen egiaztagiri digitala).

 

Proiektua Espainiako Gobernuaren mendeko Segittur sozietate publikoak zuzentzen duen Helmuga Adimendunen Sarearen baitan sortu da. "Kalitatezko informazioa oinarria da politika hobeak diseinatzeko, estrategia egokiak definitzeko eta oraingo eta etorkizuneko beharrei (kasu honetan, Arabako turismoari) erantzungo dieten erabaki publikoak hartzeko”, gehitu du Gonzálezek.