Irango gerrak gure ekonomian izango duen inpaktuari beldur erakunde ugari ari dira hainbat neurri fiskal hartzen. Arabako Foru Aldundiak ere hala egin du, eta 140 milioi euro inguru mobilizatuko dituela iragarri du lurraldeko enpresei, autonomoei eta familiei zuzeneko laguntza emateko.
Ramiro González diputatu nagusiak gaur goizean Batzar Nagusien kontrolerako osoko bilkuran egindako hitzaldian eman ditu laguntzaren xehetasunak. Azaldu duenez, erabaki horiek "ziurgabetasun energetiko eta geopolitikoko egoerari erantzuten diote, horrek bereziki eragiten diolako Arabari, lurralde industriala, esportatzailea eta energia-mendetasun handia duena izanik". Gonzalezen aburuz, “gure autonomia fiskalari esker, zerga-sistema egonkortzeko eta laguntzeko elementu gisa erabil dezakegu, tentsio-uneetan gehien behar dutenengana baliabideak mugituz".
Onartutako zerga neurriek 103,5 milioi euro mobilizatuko dituzte zuzeneko arintze finantzario eta fiskalean, eta horiei beste 36 milioi euro gehitu behar zaizkie, Espainiako Estatuak energiaren arloan hartutako neurrietatik eratorri direnak.
Neurri fiskal horiek 139,5 milioi eurotan handituko dure Arabako ogasunaren diru-bilketa. Erabaki nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira: interes eta bermerik gabeko zerga-zorren salbuespenezko geroratzea, autonomoentzako PFEZaren zatikako ordainketen aldi baterako libratzea, BEZaren itzulketen arintzea, inbertsio berrietarako % 150eko ezohiko amortizazio bizkorra eta enplegua sortzeagatiko kenkarien indartzea.
"Jarduera ekonomikoa sortzen dutenen gaineko presio fiskala arintzearekin batera familiak babestuko ditugu, itxierak, kaleratzeak eta erosteko ahalmenaren galera saihestuz", nabarmendu du Arabako diputatu nagusiak.