
ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek grebara deitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileak. Hiru greba egun egingo dituzte, urriaren 9an, 10ean eta 11n, hain zuzen. Bi elkarretaratze ere egingo dituzte, irailaren 29an Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, eta urriaren 5ean Gasteizko Legebiltzarrean.
Hitzarmen berria lortzeko negoziaketetan patronalak ezarritako “etengabeko blokeoa” salatu dute sindikatuek. Urte eta erdi baino gehiago daramate bi aldeek negoziatzen, eta sindikatuen arabera, hitzarmen autonomiko berria izenpetzeko 25 bilera egin dituzte. Langileen erosahalmena mantentzea eta lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea ere eskatuko dute. Hala, Jaurlaritzari negoziaketetan esku hartzeko eskatu diote.