• EKONOMIA
  • Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioek %6,8 egin dute behera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioek %6,8 egin dute behera

2.505 milioi euroko esportazioak eta 2.277 milioi euroko inportazioak egin dira denera uztailean. Energia produktuen beherakadak eragin du apaltzea

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2023eko irailaren 21a - 13:16

Eustatek argitara eman dituen datuen arabera, uztailean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioak %6,8 egin dute behera, iazko epe berarekin alderatuz gero. Aurten, 2.505 milioi euroko esportazioak izan dira guztira. Hala, energia produktuak izan dira beherakadaren erantzule nagusiak, izan ere, %79,2 apaldu dira uztailean.

 

Inportazioei dagokienez, 2.277 milioi eurokoak izan dira uztailean, iazko epe berean baino %20,3 gutxiago. Kasu honetan ere, energia arloko ondasunen beherakada (%43,1) izan da nabarmenena.

Lurraldeka, Arabak izan du soilik hazkundea esportazioetan, %17,7 hazi baitira uztailean. Gipuzkoako beherakada %6,5ekoa izan da eta Bizkaikoa, aldiz, %22,6koa, iazko uztailarekin alderatuta.

 

Era berean, esportazio gehienak Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Italia eta Erresuma Batuetara bideratu dira, guztikoaren %51,7, hain zuzen. Alemaniara ailegatutakoak 452,8 milioi eurokoak izan dira, Frantziakoak 363,6 milioi eurokoak eta Estatu Batuetakoak 165,6 milioi eurokoak.

Bestalde, inportatutako salgai gehienak (%45) Europako Batasunako herrialdeetatik etorri dira uztailean, Alemania izanik herrialde garrantzitsuena 322,8 milioi eurorekin. Jarraian datoz Estatu Batuak (298,8 milioi euro) eta Frantzia (150,6 milioi euro).