
SEA Uneca Arabako eraikuntza sektoreko patronalak urteko batzar orokorra egin du gaur. Lurraldeko eraikuntza sektorearen jarduera eta eskari zorroa egonkor mantentzen ari bada ere, obra publikoen beherakadak ziurgabetasuna sortu du merkatuko enpresen artean, patronalaren arabera.
Gaur aurkeztutako ikerketaren arabera, sektoreko enpresen %80 ekoizpen gaitasun osoz ari da lanean, eta lau enpresatik hiruk iazko salmentak mantendu edo gainditu ditu. Hori bai, merkatuan aurreikusten den etxebizitza eskariaren aurrean, erantzuteko gaitasun falta egon daitekeela ohartarazi du patronalak, izan ere, sektoreak geroz eta zailtasun gehiago ditu langileak erakartzeko.
SEA Unecak aurkeztutako datuen arabera, EAEko eraikuntza sektorean pisua galtzen ari da Araba. Lurraldean lizitatutako obra publikoa %22 murriztu da, 275 milioi eurotik 214ra. Euskal Autonomia Erkidego osoan, aldiz, %52 hazi da. Hartara, lizitazio guztien %17tik %9ra izatera igaro da lurraldea. Patronalak adierazi du “oso kezkatuta” daudela, eta desoreka dagoela lurraldearen beharren eta egindakfo inbertsioaren artean.
Bestalde, etxebizitza babestuaren eraikuntzak bilakaera positiboa izan du, %74,3ko hazkundea izan baitu azken urtean. 509 etxebizitza eraiku dira eta beste 917 eraikitzen hasi berri dira.
Arabak egun 2.205 enpresa ditu eraikuntza sektorean. Enpresa horien %95ak hamar langile baino gutxiago ditu. Sektoreko enplegua %1,87 hazi da, 7.075 behargin ari baitira lanean. Belaunaldi erreleboa gauzatzea, ordea, zaila izaten ari da. 30 urteko langileak %9 dira soilik, eta 50 urte baino gehiago dituztenak %36.