
Arabako Foru Aldundiak aditzera eman ditu lurraldeko barometro sozialeko datuak. Gizaker-ek egindako ikerketak helburu du gizarteak zenbait gairi buruz duen iritzia jasotzea. Hauteskundeei begira prospekzioa egiteko ere erabiltzen da.
Datuek diote Arabako herritarren lehenengo kezka etxebizitza dela, nahiz eta aldi berean bizi kalitatea oso ona dela dioten (hamarretik 7,6ko puntuazioarekin). Baikorragoak dira 18-29 urteko arteko gazteak, puntuazioa 7.94koa baita horien kasuan.
Ekonomiari eta enpleguari dagokionez, hurrenez hurren 6,16ko eta 6,13ko balorazioa egin dute inkestatuek. %53,1ak dio iazko egoera berbera dela, %26,5ek “nahikoa okerragoa” dela eta %7,2k “askoz okerragoa” dela. Etorkizun hurbilari begira ere joera antzekoa da.
Arazo nagusiak aipatzerako orduan, inkestatuek etxebizitza aipatu dute gehien bat (%16,8); jarraian, ondorengoak aipatu dira: segurtasunik eza eta delinkuentzia (%11), industria eta lana (%8,4) eta errepideak, azpiegiturak, garraioak eta komunikazioak (%7,4).
Hamar pertsonetatik zazpik esan dute “abantailatsua” dela trena Gasteizera eta Arabara iristea. %21,2k ez du hori uste. Orotara, hamarretik 7,39 puntu jaso ditu AHTk. Inkestatuen gehiengoak (%75,2) nahiago du energia berriztagarri gehiago sortzea energia fosil tradizionalaren ordez. “Oso premiazkoa” da herritarren ustez (%54,4) energia berriztagarriak sustatzea, nahiz eta batzuek (%16,6) hala uste ez duten.
Azkenik Arabako herritarrek 5,75 puntu eman dizkiete Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari; udalei eta Espainiako Gobernuari nota baxuagoa ipini diote (5,41 eta 4,53, hurrenez hurren). Hauteskundeei dagokienez, aurreikus daiteke EAJ izango dela talderik bozkatuena (%27,9ko boto estimazioarekin), eta bigarren postua EH Bildurena litzateke (botoen %25,8).