Arabako Foru Aldundiak ikus-entzunezko proiektuak bultzatuko ditu 250.000 euroko dirulaguntzekin

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak pizgarri fiskal berriak ere aurkeztu ditu

Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia gaurko agerraldian | Argazkia: Arabako Foru Aldundia Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia gaurko agerraldian | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Arabako Foru Aldundiak ikus-entzunezko proiektuen garapen, ekoizpenerako eta gidoien idazketarako 2024ko dirulaguntzen deialdi berria onartu du, eta honela 250.000 euroko dirulaguntzak jarriko ditu abian. Era berean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia euskal ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat ordezkarirekin bildu da industria kulturala eta sortzailea bultzatzeko pizgarri fiskal berriak aurkezteko.

Hala, foru arauan jasota dagoen ikus-entzunezko ekoizpenetarako ezarritako kenkariak %50 eta %60 artekoak dira, EAEn egindako gastuaren arabera. Euskarazko lanen kasuan, izaera orokorreko lanetan baino %10 gehiago desgrabatuko litzateke. Edozein egoeratan aplika daitekeen gehieneko kenkaria hamar milioikoa izango da obra bakoitzeko, eta telesailen kasuan, 3 milioikoa kapitulu bakoitzeko.

Arte eszenikoei eta musikalei dagokienez, Arabako ogasunak %30eko kenkaria ezarri du obra orokorretarako araudi berrian, eta %40koa euskarazko lanetarako. Kenkari horren oinarria zuzeneko kostu artistikoek, teknikoek eta sustapenekoek osatzen dute, eta gehieneko kenkaria milioi batekoa izango da zergadun bakoitzeko. Ildo horretan, obra horien etekinen %50, gutxienez, zuzeneko ikuskizun berriak berrinbertitzeko erabili beharko da, obra horiek lortzen hasi eta lau urteko epean.

Industria-ekoizpen seriatuaren aurretik euskarri fisiko bat egiteko aukera ematen duten liburuen edizioari dagokion kenkariak kuota likidoaren % 5eko kenkaria izateko eskubidea emango du.

250.000 euroko dirulaguntzak

Bestalde, bost laguntza ezberdin banatuko ditu Aldundiak. Hala, sorkuntzako film luze eta dokumentalak ekoizteko 60.000 euroko dirulaguntza izango da; Zinemako, plataforma digitaletako eta telebistako proiektuak garatzeko: 50.000 euro; Telesailak ekoizteko 60.000 euro; Film laburrak ekoizteko 50.000 euro, eta gidoiak idazteko 30.000 euro.

Laguntza hauekin, Aldundiak profesionalei ikus-entzunezko sektorean dituzten gastuei aurre egiten lagundu nahi diela nabarmendu du, besteak beste, obraren egile-eskubideak eskuratzea, gidoia garatzea sustapen materiala diseinatzea eta egitea, edota marketin eta banaketa plana burutzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK