Arabako Foru Ogasunak 675 milioi euro jaso ditu 2024ko lehen lau hilabeteetan, pasa den urteko aldi berean baino 17,4 milioi euro gehiago, %2,6 hain zuzen ere. Berriz ere, zuzeneko zergen (%1,6ko hazkundea), eta zeharkako zergen bilakaera positiboari esker (%3,2ko hazkundea) lortu da emaitza hau, aldundiaren arabera.
PFEZaren kasuan, %3,6 hazi da zerga bilketa, eta 8 milioi euro gehiago bildu dira aurreko urteko aldi berean baino. Lanaren atxikipenengatik bildutako kopurua 292,6 milioi euro izan da, hau da, 16,6 milioi euroko gorakada izan du aurreko urtearekin alderatuta (%6,02 gehiago).
Sozietateen gaineko Zergak ere %3ko hazkundea izan du pasa den urteko datuekin alderatuta, 1,1 milioi euro gehiago jaso dira. BEZari dagokionean, %4,6 hazi da bilketa, 9,4 milioi euro gehiago. Hidrokarburoen zergetatik, aldiz, aurreko urtean baino 4,8 milioi euro gutxiago bildu dira.
Bestalde, zeharkako zergen bilakaerak ere diru bilketaren "hazkundean" lagundu duela azpimarratu du Arabako Foru Ogasunak. Iaz baino %3,2 gehiago jaso da.