• EKONOMIA
  • Arabako Glovoko langileek ordezkaritza sindikala izango dute

Arabako Glovoko langileek ordezkaritza sindikala izango dute

CCOO sindikatuak pasa den martxoan eginiko hauteskunde sindikalak ontzat jo ditu Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko maiatzaren 8a - 13:34

Araban Glovorentzat lan egiten duten langileek ordezkaritza sindikala izango dute aurrerantzean. Izan ere, Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak atzera bota du Glovok CCOO sindikatuaren aurka aurkeztutako helegitea, eta arrazoia eman dio sindikatuari. Gauzak horrela, epaitegiak ontzat eman ditu pasa den martxoan egindako hauteskunde sindikalak.

 

Glovok hauteskunde horiek auzitan jarri zituen, argudiatuz ez zirela behar bezala egin, ez zelako prozesuaren aurreabisua eman, besteak beste. Epaileak, baina, ondorioztatu du hauteskunde prozesua legezkoa izan dela. Hala jakinarazi du CCOO sindikatuak ohar bidez, zeinak sektoreko ordezkaritza osoa izango duen.

Martxoan eginiko hauteskundeetan hamahiru ordezkari hautatu zituzten, denak CCOOkoak. Sindikatuak adierazi du langile batzorde bat eratzeak aukera emango diela enplegu erregulazio espedienteak negoziatu (Espainiako Glovok abian jarri berri du) eta euren enplegua defendatzeko.

 

Halaber, Glovok Araban 300 banatzaile baino gehiago dituela zehaztu du CCOOk.