
Arabako industriak goranzko joerarekin amaituko du 2023a. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan egindako aurreikuspenak gainditu eta industria ekoizpena uste baino gehiago haziko da azken hiru hilabeteotan. Enpresen eskari zorroak hobera egin du hirugarren hiruhilekoz segidan, eta Arabako Ganberak egindako ikerketaren arabera, enpresen %59k beren eskari zorroa “handia edo egokia” dela iritzi diote, aurreko hiruhilekoan baino zazpi puntu hazi delarik.
2023ko azken bi hiruhilekoan artean industria ekoizpena nabarmen hazi da. Zehazki, enpresen %33k aurreko hiruhilekoan baino gehiago ekoiztu dutela adierazi dute, %51k maila berean mantendu, eta %16k murriztu egin dutela. Eskari falta da enpresa gehienen iritziz beren ekoizpen gaitasuna ez handitzearen arrazoi nagusia. %14,3k lehengaiak lortzeko zailtasunak aipatu dituzte eta %11,1k langile espezializatuen falta.
Salmentei dagokionez, azken hiruhilekoan Arabako industria enpresen %35k handitu zituzten, %44k mantendu eta %21k txikitu. Inbertsioetan, azken hilabeetako joera eten eta maila berean mantentzea lortu dute enpresen %86k, eta soilik %7k areagotu dituzte.
Urte amaierara begira, enpresen %23k uste du ekoizpena areagotuko dutela, eta gehienek (%68) maila berean mantentzea aurreikusten dute. Halaber, %26k eskari zorroa handituko dute, eta %8k, aldiz, murriztu. Orotara, lurraldeko enpresen %26k beren salmentak handitzea espero dute, eta soilik %9k aurreikusten dute beherakada.