• EKONOMIA
  • Arabako metalgintza sektoreko lan hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu dute

Arabako metalgintza sektoreko lan hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu dute

ELAk izango ditu ordezkari gehien (7). Sindikatu bakoitzak otsailaren 9an aurkeztuko du bere proposamena

Argazkia: LAB
Argazkia: LAB
2026eko urtarrilaren 26a - 16:08
Eg. 2026eko urtarrilaren 27a - 16:12

25.000 bat lagunek egiten dute lan Arabako metalgintza sektorean, eta gaur goizean behargin horien guztien lan baldintzak zehaztuko dituen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia osatu dute. LAB, ELA, UGT eta CCOOk parte hartuko dute bertan, eta sindikatu bakoitzak otsailaren 9an aurkeztu beharko du bere proposamena.

 

2022an sinatu zen sektoreko azken hitzarmena, CCCO, LAB eta UGTren babesarekin (ELAk ez zuen bat egin), mobilizazio ugari eta hainbat urte negoziatzen aritu ostean. Lan hitzarmen hura, baina 2025aren amaiera artekoa zen, eta berritzea dagokie orain. Hori bai, lan hitzarmen berria adostu arte, aurrekoa izango da indarrean.

ELAk zazpi ordezkari izango ditu negoziazio mahaian. CCOOk eta LABek hiru eta UGTk 2. Behin sindikatuek euren proposamenak taularatuta, patronalari egingo zaion eskaintza osatu beharko dute. Sindikatuek adierazi dute sektoreko langileen lan baldintzak hobetzen jarraitu nahi dutela, eta erosahalmena, lanaldia eta enpleguaren egonkortu nahi dituztela, besteak beste.