Arabako Ogasunak 168 milioi euro baino gehiago itzuli dizkie zergadunei

2023ko errenta kanpainan, 21,5 milioi euro itzuli dizkie ogasunak mutualitateetan 1979a baino lehen kotizatu zuten pertsonei

Itziar Gonzalo Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak | Argazkia: Arabako Foru Aldundia Itziar Gonzalo Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Arabako Foru Aldundiak 2023ko errenta kanpainaren inguruko datuen berri eman du gaur. Apirilaren 8tik ekainaren 25era egindako kanpainan, 194.460 aitorpen aurkeztu dira, eta horietatik %70 itzultzeko emaitza islatu dute, 168 milioi euro baino gehiago guztira. Itzulpen guztietatik 21,5 milioi euro mutualitateetan 1979a baino lehen kotizatu zuten pertsonen 45.146 aitorpenen likidazioei dagokiela azaldu du ogasunak. Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak jakinarazi ditu errenta kanpainaren inguruko datuak.

Foru Ogasunaren alde izandako aitorpenak 48.604 izan dira, 97,4 milioi euro guztira. Beraz, Ogasunak jaso duena baino ia 70,6 milioi euro gehiago itzuli ditu. Halaber, preskribatu gabeko urteen erreklamazioetan denera 39.000 euro itzuliko ditu. Gonzalok azpimarratu du, irailetik aurrera egingo direla itzulketak.

Bestalde, beste datu batzuk ere utzi ditu Arabako 2023ko errenta kanpainak. Laneko etekinek %6,8ko igoera izan dute eta jarduera ekonomikoen etekina %8 baino gehiago hazi da. Era berean, etxebizitzaren alokairuaren kenkaria %10,5 igo da.

Azkenik, beste bi zerga ere izan ditu hizpide Gonzalok. Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, Foru Ogasunak 19 milioi euro jaso ditu, iaz baino 1,5 miloi gehiago. Guztira, 1.637 aitorpen egin dira, eta zergadunek batez beste 11.496 euro ordaindu dute. Ondare handien gaineko Zergan, 340 autolikidazio aurkeztu dira. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK