Arabiar Emirerri Batuek iragarri dute LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundetik alde egingo dutela. Munduko bosgarren petrolio ekoizle handienak dira Emirerriak, eta azken urteotan desadostasun nabarmenak izan ditu erakundeko kide den Saudi Arabiarekin, besteak beste.
Aljeria, Angola, Ekuador, Iran, Irak, Kuwait, Libia, Nigeria, Qatar, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Venezuela dira erakundeko kideak egun, eta Errusiarekin batera LPEE+ osatzen dute. Modu honetara, munduko petrolio ekoizpenaren erdia inguru kontrolatzen du, eta Arabiar Emirerri Batuek bertatik ateratzeak nabarmen eragin lezake petrolioaren nazioarteko merkatuan.
Arabiar Emirerri Batuek 59 urte egin dituzte erakundean, eta une gorabeheratsuan hartu dute erakundetik ateratzeko erabakia. Ormuzko itsasartearen blokeoak petrolioaren eskaintza murriztu baitu eta petrolio gordinaren, gasaren eta bestelako erregaien prezioek gora egin dute.
Azken urteotan, Arabiar Emirerri Batuek bere petrolio ekoizpen gaitasuna areagotu nahi izan du, baina LPEEko gainerako kideek ez diote utzi. Saudi Arabia izan da erabaki horren aurka nabarmenen egin duena. Hala, ekoizpen kuotei buruz izandako desadostasunek eragin dute herrialdeak nazioarteko erakundea uztea.