Pandemiak eragindako krisiari, Ukrainako gerra, inflazioa eta uda lehorra gehitu zaizkio. Kalterako denak, baina, euri faltak eta bero handiek bereziki zigortu duten sektoreetako bat izan da ardogintzarena. Baina, mahats-bilketaren atarian Arabako Errioxan, eta bilketa bete-betean Nafarroan, zein egoeratan daude euskal upategiak?
Udako tenperatura altuek eta prezipitazio faltak buruhauste handiak eragin dizkie euskal mahastizainei. Ondorioz, inoizko mahats-bilketarik goiztiarrenari eman zioten hasiera duela hiru aste Nafarroan, ohiko kanpaina baino hamar egun lehenago. EVENA Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Taldeak jakitera eman duenez, uda osoan zehar izandako tenperatura maximo eta minimo oso altuek bilketa aurreratu duten arren, ur eskasiak mahatsa egoera onean egotea eragin du, gaixotasun eta onddoak sorrarazten dituzten baldintza atmosferikoak falta izan direlako. Argi diote aurtengo mahatsa kalitate onekoa dela. Egin dituzten aurreikuspenen arabera, orotara 68 milioi kilo mahats inguru bilduko dira Nafarroan, 2021ean lortutako uzta baino %17 gehiago.
EVENA: “Udako tenperatura altu eta prezipitazio faltaren ondorioz, inoizko mahats-bilketarik goiztiarrena izango da aurtengoa”
Arabako Errioxako mahatsaren heltze-prozesua, berriz, “arrakastaz” osatzear dago, eta aurtengo mahats-bilketa aurreratzeko aurreikuspenari eutsiz, asteburuan ekingo diote mahats beltzaren bilketari. Mahats zuria jasotzen hilaren lehen egunetan hasi ziren, iaz baino hamabost egun lehenago.
Guardiako Ardoaren Etxeko teknikariek adierazi dutenez, datozen egunak “bereziki kritikoak” izango dira, eguraldi txarrak, euri-jasak edota kazkabarrak tarteko, “urteko lan guztia arriskuan jar daitekeelako”. Hala ere, Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur bertan ekaitzak han-hemenka jo badezake ere, datozen egunetarako ez da espero eragozpen handirik.
“Uda osoan zehar izandako tenperatura oso altuek bilketa aurreratu duten arren, ur eskasiak mahatsa egoera onean egotea eragin du, gaixotasun eta onddoak sorrarazten dituzten baldintza atmosferikoak falta izan direlako”
Arabako Foru Aldundiak ere argitaratu du Arabako Errioxako mahastien egoerari buruzko azken txostena. Horren arabera, mahastien osasun-egoera “oso ona” da, baina aurtengo uztaren bolumena murriztu egingo dela dio, ur faltagatik eta tenperatura altuengatik. Hala ere, ”kalitate oneko uzta” espero dute.
Txostenak, era berean, Aiarako haraneko txakolin-uztaren egoeraren inguruko informazioa ere badakar. Dioenez, “mahatsa kalitate handikoa da, baina uzta ez da oparoa izango”.
“Aurtengoa kalitate oneko mahatsa izango da”
Hala, kanpaina honetako mahatsondoaren ziklo begetatiboa tenperatura leun eta oso lehorreko negu batek, udaberri lehor eta hotzak, eta ezohiko uda bero eta lehorrak markatu du, oso prezipitazio gutxirekin.
Botila falta
Udako eguraldia ez da ardogintza sektoreko langileen buruhauste bakarra izan. Ardoa botiletan sartzeko arazoak ere izan dituzte, botilen eskaria handitu delako eta hornidura eta garraio arazoak izan direlako. Arabako Errioxako ardogileek jakitera eman dutenez, ardoz betetzeko botilak falta izan zaizkie. Pandemiaren ondoren ekonomia suspertu izanak, kate logistikoen tentsioak, energiaren prezioen igoerak eta, beiraren kasuan, orain arte material plastiko eta metalikoetan (kosmetika edota kontserbak, esaterako) fabrikatutako ontziak ordezkatzearen ondoriozko eskariaren hazkundeak, gehi garagardoarena edo cavarena bezalako sektoreen susperraldiak, enpresa hornitzaileek eskari handiak izatea eragin dute eta beirazko botilen faltan izan dira: “kasuren batean, botilak berrerabili behar izan ditugu”, adierazi dute. Urtea hasi zenetik, gainera, beirazko botilen prezioa %40 hazi dela baieztatu dute. Hala ere, eta beraien lasaitasunerako, ekainean eta uztailean kontserben sektorean izan duten eskaria nabarmen jaitsi da irailerako, eta ardogileek jakitera eman dutenez, botilen eskaintza berriro ere bere onera itzultzen ari da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta