
Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Bizi Baldintzen eta Gizarte Inkestaren arabera, Nafarroako biztanleek “gogobetetze nabarmena” dutela diote euren bizi baldintzei buruz galdetuta. Felix Taberna Nafarroako Gobernuko presidenteordeak aurkeztu zituen atzo txostenaren datuak, eta hiru lerroburu nabarmendu zituen: “lehenik eta behin, Nafarroako biztanleen bizi-gogobetetze handia dago; bigarrenik, etxeko lanak eta zaintzak feminizatuta daude oraindik ere, baina erantzukidetasuna handitu egin da; eta hirugarrenik, Nafarroako klima-aldaketarekiko kezka handia dago, baita ondorioak arintzeko zergak igotzeko prest leudekeen nafarren ehuneko handi batekin ere”.
0tik 10era bitarteko eskalan, nafarrek 7,5eko bizi-gogobetetze maila adierazi dute, hau da, 2022ko azken datua baino 0,4 hamarren gehiago. Halaber, bai 2024an, bai 2022an, herritarrek beren bizi-gogobetetzearen balorazio handiagoa egiten dute etorkizunera begiratzen dutenean. 2024an etorkizunerako aurreikusitako gogobetetzearen batez bestekoa 8,3 da, 2022ko datua baino 0,8 puntu handiagoa.
Eremu geografikoen arabera, Nafarroa iparraldeko biztanleria da bere bizitzarekin gusturago dagoena (7,6). Nafarroako Gobernuaren arabera, horrek bat egiten du oro har egoera sozioekonomiko hobearekin. Era berean, klima-aldaketarekiko kezkak puntu erdi egin du gora, baina gazteen artean kezka ez da hain nabarmena, txostenaren arabera, 45 urtetik gorako pertsonak klima aldaketaren gaineko kontzientzia handiagoa dute.
Genero-berdintasuna ere izan du hizpide azterlanak. “Erantzukidetasunak hobera” egin duela ondorioztatu dute, baina etxeko lan eta zaintzek feminizitatuta jarraitzen dutela, eta lana eta familia uztartzeko ahalegin handiagoa egiten jarraitzen dutela emakumeek. Emakumeen %56ak “etxeko lanak beti edo gehienetan” egiten dituztela erantzun dute, eta gizonen kasuan, berriz, % 33k.