Goierri Valley elkarteak, zeinak Gipuzkoako eskualdeko industria enpresa ugari biltzen dituen, Argentinan egin den Iberoamerikako Garapen Agentzien 3. topaketan parte hartu du azken egunotan.
Lau egunez Iberoamerikako gobernu, unibertsitate, zentro teknologiko, enpresa eta gizarte zibileko ordezkariak bildu ditu jardunaldiak, eta helburu izan du lurraldeen garapenerako erronka berriei aurre egiteko aliantza berritzaileak eraikitzea, trantsizio digital, sozial eta ingurumeneko testuinguruan.
Goierri Valleyk bere lankidetza eredu industriala aurkezteko parada izan du, eta elkartearen arabera, “interes handia” piztu zuen bertaratutakoen artean. Besteak beste, Argentinako ACDICAR, ADER, ADEC eta ANIDE garapen agentziekin lehen harremanak egin zituen Goierriko elkarteak, baita INTI eta CENTEC zentro teknologikoekin eta UTN eta UCSF unibertsitateekin.
Xabier Perez Dorronsoro elkarteko negozio arduradunaren hitzetan, “misio hau giltzarria izan da sektore estrategikoetan negozio- eta lankidetza-aukera errealak identifikatzeko, hala nola nekazaritzako elikagaietan, energian eta petrolioan”.
Goierri Valleyk eskualdeko enpresei aukera eman nahi die Hego Amerikako merkatuetara tokiko eragileen sare sendo baten bitartez sartzeko, “bultzada komertzial bat emanez eta beraien kabuz kontaktatu ezin dituzten entitateekin harremanetan jarriz”.
Halaber, elkarteak dei egin die Argentinan aukerak aztertzeko eta nazioarteko misio honetan parte hartzeko interesa duten enpresa guztiei, bazkide izan edo ez.