
CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak behartu ditu Iberdrola eta Espainiako beste konpainia elektrikoak haien sareen gaitasun mapak argitaratzera. Mapan azaltzen denaren arabera, argindar sarea bere gehienezko gaitasunetik oso gertu dago, saturatzetik gertu. Zehazki, Araban eta Bizkaian ez dago argindarra banatzeko gaitasun gehiagorik. Bi lurralde horietan ez dago Iberdrolaren banaketa sarean maila jakin batetik gorako kontsumo gehiago hartzeko gaitasuna duen nodorik. Gipuzkoako sarean soilik lau nodok dute gaitasuna eta Nafarroakoan hamalauk.
Aelec, Espainiako estatutako argindar konpainiak biltzen dituen elkarteak zehaztu du Espainiako Estatu osoan argindar sarearen gaitasuna %83,4an dagoela. "Gure bazkideek nahiz UFDk bildutako lehen emaitzek erakusten dutenez, korapiloen ehuneko handi bat (%83,4) gainezka dago dagoeneko, eta horrek eragozten du korapilo horietan eskari berria konektatzea", dio ohar bidez.
Saturazio horrek islatzen du merkatuan azaldu diren eragile berrien ondorioz sarera konektatzeko eskaeren gorakada izan dela azken urteetan. Hego Euskal Herrian argindar banaketa sarea Iberdrolaren I+DE konpainiak kudeatzen du, eta bere webgunean ikus daiteke mapa.