• EKONOMIA
  • Argitzen proiektuarekin trantsizio energetikoa landuko dute Debagoienan

Argitzen proiektuarekin trantsizio energetikoa landuko dute Debagoienan

Herritarren eta eragile publikoen, pribatuen eta komunitarioen parte-hartzea bermatuko da prozesuan zehar

Mandatu Organoko kideak | Argazkia: Argitzen
Mandatu Organoko kideak | Argazkia: Argitzen
2025eko maiatzaren 30a - 11:18

Debagoienan Argitzen izeneko prozesu berria abiatu dute trantsizio energetikoaren alorrean eman beharreko pausoak aztertzeko. Prozesuan parte hartuko dute eskualdeko eragile publikoek, pribatuek, komunitarioek eta herritarrek.

 

Horretarako, batetik Herritarren Batzarra osatuko da: zozketa bidez aukeratutako 50 herritarrek ondorengo galderari erantzungo diote 2025eko udazkenean: “Norabide aldaketa bat bai, baina zein noranzkotan?”. Hausnarketa egiteko bost saio edukiko dituzte eta gomendio-sorta bat osatu beharko dute.

Bestetik, gomendio horiek Mandatu Organoa izeneko taldera bidaliko dira: sektore publiko, pribatuko eta komunitarioko hemezortzi eragilek erantzuna eman beharko diete herritarren proposamenei. Mandatu Organoa honako hauek osatuko dute: Antzuolako Udala, Aramaioko Udala, Aretxabaletako Udala, Arrasateko Udala, Bergarako Udala, Elgetako Udala, Eskoriatzako Udala, Leintz Gatzagako Udala, Oñatiko Udala, Deba Garaia landa garapena, Ekiola, Berener, Ixotzen, Esnargi, Tantai, Goiener, Fagor eta Enpresare.

 

Debagoiena energia kontsumo handiko eskualdea dela dio, hain zuzen, Mandatu Organoak, “ehun industrialak eskualdean duen garrantziagatik eta bizi ereduarengatik”. Hortaz, garrantzitsua deritzo “energia kontsumoa gutxitzeari” eta “energia berriztagarrien garapenari”.