Dagoeneko zehaztuta daude Fagor Herrigintza ekimenaren bidez laguntza jasoko duten hiru gizarte proiektuak: Arizari hezkuntza elkartearen Mugarik Gabeko Ikasgela (60.000 euro), Haize Berriren Aniztasun funtzionala duten gazteekin aisialdi eta kultur ekintzak (40.000 euro) eta Shifa elkartearen Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetara espedizioa (20.000 euro).
Fagor taldeko bazkideek aukeratu dituzte proiektuak eta guztira 120.000 euro banatuko ditu kooperatiba taldeak. 1.585 pertsonek eman dute euren bozka, eta 38 eragilek aurkeztu dute euren hautagaitza. “Inoizko handiena izan da bozka faseko parte hartzea. Gainera, beste urte batez, asko eta askotarikoak izan dira euren proiektua aurkeztu duten eragileak. Ekimen interesgarri ugari jaso dira, leku eta dimentsio desberdinetakoak. Horrek guztiak berresten du Fagor Herrigintzak baduela nolabaiteko erreferentzialtasuna. Pozik egoteko modukoa da hori“, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak.
Ekimenaren laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta haren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propio eta berritzaileak eman nahi dituzten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagorrek.