• EKONOMIA
  • Arizmendiarrieta: etorkizunerako ikasgaiak

Arizmendiarrieta: etorkizunerako ikasgaiak

Jose Maria Arizmendiarrieta (erdian) gakoa izan zen mugimenduaren sorrerarako | Argazkia: Lankiko artxibo historikoa
Jose Maria Arizmendiarrieta (erdian) gakoa izan zen mugimenduaren sorrerarako | Argazkia: Lankiko artxibo historikoa
Jesus Mari Arizmendiarrieta, Leire Mugerza eta Lourdes Idoiaga
2025eko azaroaren 23a - 05:30

2026an 50 urte beteko dira Jose Maria Arizmendiarrieta, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboa inspiratu zuen apaiza hil zela.

 

Arizmendiarrieta Bizkaian jaio zen (Barinaga, Markina, 1915), Gasteizko seminarioan ikasi zuen, eta 1941ean iritsi zen Arrasatera. Batez ere, ideien ereilea eta ekintza gizona izan zen, fede setatsua zuena pertsonen ahalmen eraldatzailean. Liderra, ameslaria eta gizon pragmatikoa. Gazte hil zen, 61 urterekin, gaur egun oraindik ere zorionez baliatzen dugun ondare ikaragarria utzita.

Haren ideietara hurbiltzen gara, lehentasunak zeintzuk izan ziren identifikatzeko eta etorkizuna bideratzeko zer erreskatatu dezakegun ikusteko. Gainera, hamarkada batzuk geroago, jabetuta gaude haren planteamenduek egungo gizartearen beharrei erantzuteko duten zentzuaz.

 

Pertsonen erabakitzeko ahalmena. Arizmendiarrietak uste zuen ekonomiak pertsonen zerbitzura egon behar zuela, ez alderantziz. Pertsonak jabe eta kudeatzaile, erantzukide izango ziren eredu bat sustatzen zuen, beren destinoa erabakitzeko gaitasunarekin. Erantzukidetasun hori konpromisoa, kide sentimendua eta, batez ere, gizarte kohesioa sortzen zituela ulertzen zuen.

Gaur egungo testuinguru globalizatuan, kapitalaren arauek markatuta, ikuspegi hori indarberritu egiten da. Ez da nahikoa zifretan eta proiektuetan haztea; balioetan, errotzean eta berdintasunean ere hazi behar da. Hau da, proiektuek dimentsio bikoitza izan behar dute: sozio-enpresariala.

Hezkuntza, eraldaketarako motor. Bere lehen proiektua Arrasateko Eskola Profesionala izan zen –gaur egun Mondragon Unibertsitatea –, formazioa gazteak ahalduntzeko eta gizartea oinarritik eraldatzeko gakoa zela sinetsita. Gazteak prestatzen zituen beren komunitatearen erronkei erantzuteko, eta tresnak ematen zizkien irtenbide kolektiboak sortzeko eta inpaktu soziala eragiteko.

Egungo dinamikan, hezkuntzak palanka izaten jarraitzen du, etorkizuneko gazte liderrek heziketa integrala, etikoa eta teknikoa izan dezaten, belaunaldi berri horiek mundu global eta hiperkonektatu bat balioekin gidatzeko prestatuta egon daitezen. Gainera, beste erronka bat dago, eta hori da formazioak lan bizitza osoan lagundu behar diela pertsonei.

Lehiaren ordez, lankidetza. Lankidetza izan zen Arizmendiarrietaren bizitzako hitz giltzarrietako bat. Eta bere proiektu guztietan etengabe erabili zuen palanka izan zen. Mondragoneko kooperatiben nortasun ezaugarririk bereizgarriena interkooperazioa da. Kooperatibek elkar babesten dute, baliabideak partekatzen dituzte eta krisietatik babesten dira.

Hiperlehiaren, prekaritatearen eta zatiketa sozialaren garaian, eredu kooperatiboa “bestelako modu” bat da, elkartasunean, erantzukidetasunean eta ondasun komunean oinarritua. Lankidetzak, maila guztietan, enpresen eta gizartearen etorkizunari aurre egiteko tresna adimenduna izaten jarraitzen du.

Balioak dituen berrikuntza. Gizarte berritzaile handia izan zen. Ez zen aldaketaren beldur, bere garaiari aurrea hartu zion gizona izan zen, bazekien enpresen lehiakortasuna berrikuntza teknologikotik pasatzen zela ezinbestean. Arizmendiarrietak enpresa industrialak, prestakuntza teknikoko zentroak, I+G zentroak, kudeatzeko egitura aurreratuak sortzea bultzatu zuen, baina inoiz ez zuen bere helburua begi bistatik galdu: pertsonen bizitza hobetzea eta komunitatea indartzea.

Iraultza eta eraldaketa teknologikoetan murgilduta gauden honetan, hala nola AArekin edo digitalizazioarekin, beharrezkoa da berrikuntza teknologikoa eta antolamenduarena bultzatzea, baina ipar etikoa galdu gabe, beti guztion ongia bilatuz.

Aberastasuna sortzea, banaketa ekitatiboa. Arizmendiarrietak ez zuen inoiz eredu inozo edo asistentzialista bat planteatu. Alderantziz: kooperatibek enpresa lehiakorrak, berritzaileak eta errentagarriak izan behar zutela defendatzen zuen, baina funtsezko alde batekin eredu kapitalista tradizionalarekiko: sortutako aberastasuna modu justuan banatu behar zen. Kooperatibetan, soberakinak (irabaziak, hizkuntza kooperatiboan) bazkideen eta langileen artean banatzen dira, enpresan eta gizartean berrinbertitzen dira. Kooperatiba indartzea funtsezkoa da etorkizuneko belaunaldiei ondare bat uzteko. Formula horrek aukera ematen desberdintasunik sortu gabe hazteko – Euskadi desberdintasun indizerik txikiena duen munduko eremuetako bat da –, eta ekonomia inklusiboagoa eraikitzeko.

Etorkizunerako gomendioa argia da: enpresa proiektu jasangarriak eta irabazien banaketa ekitatiboa, kooperatiben kapitalizazioa eta komunitatean duten eragin soziala indartuz. Finean, komunitate kohesionatuagoak eta jasangarriagoak sortzea, enplegu, zerbitzu, hezkuntza, berrikuntza edo elkartasunaren bidez.

Pertsonak, hezkuntza, lankidetza, berrikuntza eta aberastasunaren banaketa. Arizmendiarrietaren palankak, bere proiektua eraikitzeko, eta kontzeptu inspiratzaileak, indarrean daudenak eta ezinbestekoak, etorkizuneko gizartea irudikatzeko. Eta horretan jarraitzen dugu lanean Mondragoneko kooperatibek. Aurrera beti!  

Jesus Mari Arizmendiarrieta, Jose Maria Arizmendiarrietaren iloba
Leire Mugerza, MONDRAGONeko Kongresuko lehendakaria
Lourdes Idoiaga, ALE-Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko lehendakaria