Jose Maria Arizmendiarrietaren omenez sortutako gune berria inauguratu zuten atzo Otaloran (Aretxabaleta), Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren sustatzailearen heriotzatik 50 urte bete diren urte berean. Espazioak haren ibilbidea eta pentsamenduaren oinarriak erakusten ditu, hots, "izan hezkuntza, izan kontziliazioa, emakumea eta lana, berrikuntza edo euskara", baita lankidetzaren balioa ere. Guneak erreparatu egiten dio Arizmendiarrietaren ideiek gaur egungo erronken aurrean duten indarrari.
Espazio berrian bildu dituzte Arizmendiarrietaren bizitzako mugarriak, ikus-entzunezko materialak, objektu pertsonalak eta haren inguruan argitaratutako liburuak. Era berean, Arrasatera iritsi zenean egindako lana, Eskola Profesionalaren sorrera eta lehen kooperatiben sustapena bezalako pasarte esanguratsuak ere jasotzen ditu. Bisitak Mondragon Korporazioaren Hedapen-taldeak kudeatuko ditu, eta aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da; hori bai, hasiera batean, kooperatibek izango dute lehentasuna.