Bizkaiko golkoan, urtarrilaren 22tik zortzi metro baino gehiagoko arrantzontziek ezin dute lan egin. Hirugarren urtez segidan indarrean dagoen debekuak otsailaren 26ra arte iraunen du. Europak hartutako neurriak nabarmen apaldu du izurdeen nahigabeko harrapatzeen kopurua.
Arrantzaleen artean ez da giro, aitzineko bi urteetan bezala ezin dutelako lan egin hilabete batez. Izurdeak babesteko neurria dela eta, Bretainia eta Lapurdi artean 300 ontzik portuan egon behar dute egun hauetan. Horietatik 50 Baionako barrutikoak dira, gehien-gehienak Lapurdikoak. Pelagis izena duen behatokiaren arabera, arau horri esker izurdeen nahigabeko harrapatzeak %60 apaldu ziren 2025ean. Frantziako Gobernuko Itsaso eta Arrantza ministeritzak dio neurria “egokia eta oso eraginkorra dela”. Izan ere, iaz 1.900 izurde harrapatu zituzten nahigabe. 2017 eta 2023 artean, urtero, 4.700 izurde inguru hil ziren sareetan harrapatuak izan ondoren. Ia bost mila abere horiek kostaldean agertu ziren hilik, eta adituek diote bizia galtzen duten beste asko itsasoan bertan urperatzen direla.
Izurdeak babesteko neurria dela eta, Bretainia eta Lapurdi artean 300 ontzik portuan egon behar dute egun hauetan. Horietatik 50 Baionako barrutikoak dira, gehien-gehienak Lapurdikoak
Frantziako Gobernuaren arabera, arrantzaren sektore osoak 35 milioi euroko galerak pairatzen ditu hilabete bateko debeku honengatik. Iaz, 274 ontzik 14,5 milioi euroko kalte ordainak eskuratu zituzten lau mila tona pasa arrain ez biltzeagatik. Laguntzak 20 milioikoak izan ziren sare osoa kontuan hartzen bada. Aurten ere dispositibo bera daukate eta datorren urteari begira, Parisek oraindik ez daki nola jokatuko duen. Izan ere, 110 ontzik izurdeak uxatzeko teknika berriak probatzen dituzte, eta batzuek bideozaintza kamerak dituzte.
Ministerioak dioenez, aurtengo denboraldia erabakiorra izanen da datozen urteei begira. Uraren berotzearengatik, izurdeak kostaldetik gero eta hurbilago dabiltza orain. Bizkaiko golkoan, uraren tenperatura ia gradu batez igo da hogei urtez, eta horrek eragin zuzena du itsasoan dagoen floran eta beste arrain txikietan ere. Izurdeek jaten dituzten abere txiki horiek kostaldean daude gero eta gehiago, eta beste guztiek norabide berean segitzen dituzte.
Ondarruko portuan 500.000 euroko galerak aurreikusi dituzte, eta lau astez 30 langile hilabeteko saririk gabe geldituko dira
Ondarruko portuan 500.000 euroko galerak aurreikusi dituzte, eta lau astez 30 langile hilabeteko saririk gabe geldituko dira. Donibane Lohizune eta Ziburuko portuan, aurtengo debekua azkena izatea espero dute. Aurélien Henneveux, Akitaniako arrantzale-ekoizleen kooperatibako presidenteak azpimarratu du teknika berriak probatzen dituztela izurdeei abisua emateko eta nahigabeko harrapaketak ekiditeko. Max Brisson Miarritzeko senatari kontserbadoreak deitoratu du debekuak kezka eta ezinegona sortzen dituela sektore osoan. “Aberrazio ekologikoa” eta “gobernuaren hipokresia” salatu ditu iaz arrantzaleei hitz emandakoa ez baita sekula bete. “Serio ekin behar dugu Frantzian kontsumitzen diren itsaskien %70 atzerrian erosten ditugu eta”, bota du Brissonek.