Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu egin du Bloke Nazionalista Galiziarrak (BNG) aurkeztutako legez besteko proposamena, arrainaren eta itsasoko beste produktu batzuen BEZa (gaur egun %10ekoa da) kentzeko. Ekimenak EAJ-PNV, EH Bildu eta UPN alderdien babesa jaso du, baina PSOEk eta Sumarrek aurka bozkatu dute.
Neurriaren helburua da zerga tasa %0ra pasatzea, kontsumitzaileek ordaindu beharreko azken prezioa murrizteko eta zailtasunak izaten ari den sektoreari laguntzeko. Hala ere, legez besteko proposamena denez, hura onartzeak ez du Gobernua behartzen proposatutako aldaketak gauzatzera; beraz, haren aplikazioa Gobernuaren etorkizuneko erabakien mende egongo da.
Zergen auziaz gain, aurkeztutako testuak Gobernuari eskatzen dio Europar Batasuneko Justizia Auzitegian helegitea jartzeko Atlantikoko 87 eremutan ezarritako arrantza murrizketen aurka. BNGren ustez, muga horiek justifikatzen dituzten ikerketa zientifikoak ez dira behar bezain zorrotzak eta ez dute arrantza-komunitateetan duten eragin ekonomikoa baloratzen.
Euskal sektoreak debeku horien balizko ondorioez ohartarazi du. Ondarroako Armadoreen Elkartetik adierazi dutenez, ontzi batzuek jardueraren erdia ere gal lezakete. Era berean, babestutako eremuak arrantzaleak baztertzeko eta beste sektore industrial batzuei mesede egiteko aitzakia gisa erabiliko diren beldur dira.