• EKONOMIA
  • Arroitzen biometano plantaren auzia puri-puri

Arroitzen biometano plantaren auzia puri-puri

Trantsizio energetikoa, herritarren mobilizazioa eta landa ereduaren etorkizuna talka berean dira Nafarroako udalerrian

Biometano gas plantaren aurkako protesta, Arroitzen | Argazkia: utzita
Biometano gas plantaren aurkako protesta, Arroitzen | Argazkia: utzita
leire martinez
Kazetaria
2026eko otsailaren 13a - 05:30

Arroitzen azken hilabeteetan gizarte eztabaida piztu da, eta Nafarroa osoan zabaltzen ari den fenomeno baten isla dela iduri du. Trantsizio energetikoaren izenean, biometanoarekin lotutako azpiegitura handien proiektuak zabaldu dira lurraldean, eta horietako aunitz landa eremuetan kokatu dira. Europatik bultzatutako deskarbonizazio politikek gas berriztagarrien ekoizpena handitzea dute helburu, abeltzaintzako simaurretik, purinetatik, hondakin agroalimentarioetatik edo hiri zein herri hondakinetatik abiatuta energia sortzeko. Baina planifikazio energetiko horrek aunitzetan, tokian tokiko errealitate sozial, ekonomiko eta kulturalekin talka egin du, eta horixe da Arroitzen gertatzen ari denaren muina.

 

Lizarraldeko udalerri horretan eraiki nahi duten biometano gas plantaren proiektuak berehala piztu ditu zalantzak. Arroitz nekazaritzari, olibondoari eta olio ekoizpenari estuki lotutako herria da, belaunaldiz-belaunaldi transmititu den landa bizimodu baten adierazgarri. Herriko ekonomiaren zati handi bat lehendabiziko sektoreari lotuta dago, eta lurraldeari nortasun berezia eman dio. Horregatik, azpiegitura industrial handi baten etorrerak ez du soilik ingurumen edo osasun galderen inguruko kezka sortu, baizik eta herri ereduari berari buruzko eztabaida piztu du.

Stop Biometano Arroiz Herri Plataforma sortzea izan zen herritarren lehendabiziko erantzun antolatua. Plataformako kide den Lorea Goñik azaldu digunez, proiektuaren berri izateko moduak berak piztu zuen lehendabiziko alarma soziala. "Proiektuaren informazioa ez zen modu argi eta gardenean iritsi. Herritar aunitzek prentsaren bidez edo ahoz aho izan genuen plantaren lehendabiziko notizia. Halako azpiegitura batek izanen duen eraginagatik, uste dugu informazioa hasieratik partekatu behar zela, eta ez prozesua aintzineratua zegoenean", azaldu digu.

 

Lorea Goñi: "Proiektuaren informazioa ez zen modu argi eta gardenean iritsi. Herritar aunitzek prentsaren bidez edo ahoz aho izan genuen plantaren lehendabiziko notizia"

Hasierako informazio falta horrek mesfidantza eragin zuen, eta horrekin batera hamaika galdera. Zein tamainakoa izanen ote da planta? Zer hondakin tratatuko dira? Nondik helduko dira hondakinak? Zenbat kamioi sartuko dira egunero herrian? Zein izango da usainaren kontrola? Galdera horiek guztiek elikatu zuten kezka soziala, eta informazio bilerak eskatzeko lehen mugimenduak abiatu ziren.

Biometano planta baten funtzionamendua azaltzea izan zen plataformak egin behar izan zuen lehendabiziko ariketa pedagikoa. Materia organikoaren deskonposizio anaerobikotik sortzen den gasa da biometanoa, eta simaurra, purinak, elikagai hondakinak edo nekazaritzako elikagaien industria soberakinak digestore itxietan hartzitzen dira, oxigenorik gabe. Prozesu horretan sortzen den biogasa findu egiten da ondoren, eta kalitate handiagoko biometano bihurtzen da, sare energetikoan sartzeko edo erregai gisa erabiltzeko balio du.

Nahiz eta hedabide hau Arroitzeko udalarekin hitz egiten saiatu, udalak ez dizkigu adierazpenik egin nahi izan. Hala ere, gaiari buruz han-hemenka entzun eta irakurri ditugun diskurtso instituzional eta enpresarialak azpimarratu dute biogas metanoko planten sistema horrek hondakinak baliabide bihurtzen dituela, emisio kutsagarriak murrizten dituela eta ekonomia zirkularra sustatzen duela. Gainera, tokiko abeltzaintzari irtenbide logistiko eta ekonomiko bat eman diezaiokeela defendatzen dute ere. Baina azalpen tekniko eskas horiek ez dira nahikoa izan herritarren kezkak uxatzeko.

Gaiari buruz han-hemenka entzun eta irakurri ditugun diskurtso instituzional eta enpresarialak azpimarratu dute biogas metanoko planten sistema horrek hondakinak baliabide bihurtzen dituela, emisio kutsagarriak murrizten dituela eta ekonomia zirkularra sustatzen duela

Horren harira, herritarren kezka nagusietako bat plantaren tamaina eta hondakinen jatorria da. Plataformaren arabera, aintzinikusitako instalazioa ez litzateke tokiko abeltzaintzari lotutako azpiegitura txiki bat, baizik eta eskualde zabal bateko —eta agian Nafarroatik kanpoko— hondakinak jasoko lituzkeen makroinstalazioa. Horrek trafiko astuna handituko luke, kamioien joan-etorri handiarekin.

image1
Argazkia: utzita

Usainak, aire kalitatea eta digestatoaren kudeaketa ere eztabaidagai dira. Herritarrek diote plantaren funtzionamenduak emisioak eta usain arazoak sor ditzakeela, eta digestato kopuru handiek lurzoru eta akuiferoetan ondorio kaltegarriak izan ditzaketela.

Eztabaida, hala ere, ez da soilik ingurumenekoa, Arroitzen lurralde ereduari eta herri nortasunari lotutakoa ere bada. Arroitz nekazaritza eta olio ekoizpenarekin lotutako herria izanik, bertakoek ez dute nahi hondakinen kudeaketarekin identifikatzea. Horregatik, Stop Biometano Arroiz Herri Plataformak informazio saioak, alegazioak eta mobilizazioak bultzatu ditu, eta Nafarroako beste herrietako plataformekin saretu da.

Sustatzaileek, aldiz, proiektua trantsizio energetikorako eta ekonomia zirkularrerako aukera gisa defendatzen dute, tokiko jarduera eta enplegua sustatzeko modutzat aurkeztuz.

Bien bitartean, tramitazioak aintzina jarraitzen du eta eztabaida sozialak bizirik dirau. Arroitzko auziak agerian utzi du trantsizio energetikoa ez dela soilik azpiegitura teknikoen kontua. Galdera nagusia mahai gainean dago oraindik: nola egin trantsizio energetikoa herriak baztertu gabe.