Arte grafikoen sektorerako estatu mailako hitzarmen berria kritikatu du LABek. Sindikatuaren arabera, inprimatzeko eta material grafikoak ekoizteko lanak biltzen dituen sektorearentzako akordioak ez ditu langileen lan-baldintzak behar bezala hobetzen, eta bereziki kaltetuta geratzen dira herrialdeko hitzarmen propiorik ez duten langileak, tartean Arabako eta Nafarroakoak.
LABek CCOOren jarrera ere kritikatu du. Sindikatuaren arabera, CCOOk patronalarekin adostu du beste negoziazio-esparru batzuetan mahai berririk ez irekitzea. Horren ondorioz, LABen ustez, Euskal Herriko langileek ez dute beren lan-baldintzak hemen bertan negoziatzeko aukerarik izango. Sindikatuak Euskal Herrian lan-harremanetarako esparru propioa defendatzen du.
Hitzarmenari dagokionez, LABek hainbat gabezia aipatu ditu. Batetik, soldata-igoera mugatuta dagoela eta, ondorioz, erosahalmena ez dela bermatzen dio. Bestetik, urteko lanaldia 1.760 ordutik 1.752ra jaistea aurreikusten da, baina sindikatuak murrizketa hori ez du nahikotzat jotzen. Gainera, hainbat alor indarrean dagoen legedia betetzera mugatzen direla salatu du.
LABek arreta jarri du, halaber, 2027ko soldata-taulan. Haren arabera, 18 kategoria daude taulan gutxienez sei ez dira 1.500 euroko gutxieneko soldatara iristen. Sindikatuaren iritziz, hitzarmenaren baldintzak Bizkaia eta Gipuzkoako arte grafikoen herrialde-hitzarmenetan jasotakoetatik ere urrun daude, baita industriako beste hitzarmen batzuetatik ere.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta