Artisten lan-kontratuak

Jarduera artistikotzat jotzen dira arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak eta musika-arteak, baina zein kasutan izan behar dituzte artistek lan-kontratuak? Zein ezaugarri bete behar ditu kontratuak?

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Baliteke zenbait artistek lan-kontratua izan beharra, horretarako baldintzak betetzen badituzte. Baldintza horiek dira, batik bat, abuztuaren 1eko 1435/1985 Errege Dekretuak ezarritakoak. Are gehiago, 2022ko martxoaren 31tik, errege-dekretu horren zenbait alde aplikagarri zaizkie jarduera tekniko edo laguntza-izaerakoak gauzatzen dituztenei ere, zenbait baldintza betez gero.

Alabaina, baliteke 1435/1985 Errege Dekretuko baldintzak bete ezean ere, lan-zuzenbidea aplikatu behar izatea, Langileen Estatua oinarri hartuta, eta, beraz, artistek eta jarduera tekniko edo laguntza-izaerakok gauzatzen dituztenek lan-kontratu arrunta izatea. Jarraian, 1435/1985 Errege Dekretura bildu beharreko langileei erreparatuko zaie, eta, gehienbat, artistei.

Zein artistek izan behar dute lan-kontratua?

Lan-kontratua izan behar dute jarduera artistikoa gauzatzen duten artistek, baldin eta jarduera hori borondatez gauzatzen badute, alokairu batzuen truke, jarduera antolatu edo ekoizten duen enpresaburuarentzako, horren antolaketa- eta zuzendaritza-esparruan jardunez. Bada, jarduera-artistikotzat jo behar dira arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak eta musika-arteak.

Modu horretara1435/1985 Errege Dekretura biltzen dira, besteak beste, jarduera artistikoak gauzatzen dituzten artistak, hala nola, antzezpen- bikoizketa-, koreografia-, barietate-, musika-, kantu-, dantza-, figurazio- eta espezialista-jarduerak gauzatzen dituztenak; zuzendaritza artistikoaren, zinema-zuzendaritzaren, orkestra-zuzendaritzaren, musika-egokitzapenerako zuzendaritzaren, eszena-zuzendaritzaren, errealizazio-zuzendaritzaren, koreografia-zuzendaritzaren eta ikus-entzunezko lanen zuzendaritzaren jarduerak gauzatzen dituzten langileak; zirkoko artistak, txotxongilo-artistak, magoak eta gidoilariak; eta, edozein kasutan, beste edozein langile, horien jarduera artista, antzezle edo musika-jotzaile baten jardueratzat hartzen denean arte eszenikoetan, ikus-entzunezko arteetan edo musika-arteetan aplikagarri diren hitzarmen kolektiboetan.

Langile horien jarduera artistikoak xedetzat izan behar ditu, nahitaez, jendaurreko komunikazioa nahiz edozein baliabide edo euskarri teknikoren bidez

Halaber, langile horien jarduera artistikoak xedetzat izan behar ditu, nahitaez, jendaurreko komunikazioa nahiz edozein baliabide edo euskarri teknikoren bidez, halakoak ukigarriak zein ukiezinak izatea gorabehera, egindako finkatze- edo hedatze-jarduerak, edo ekoizpen fonografikoa nahiz ikus-entzunezkoa, horrelakoak gauzatzen direnean, bestek beste, antzokietan, zinema-aretoetan, irrati-difusioetan, telebistan, interneten, eta horren baitan streaming bidezko emanaldietan, kirol-instalazioetan, plazetan, zirkuetan, festibaletan, oholtzetan, dantzalekuetan, diskoteketan eta, oro har, ohikotasunez zein une jakin batean jendaurreko ikuskizunetarako edo grabazioetarako, ekoizpenetarako nahiz emanaldi artistikoetarako edo erakustaldietarako erabiltzen diren tokietan.

Halatan, esparru pribatu batean eskainitako jarduera artistikoak 1435/1985 Errege Dekretutik baztertu dira. Baina esparru horretako kontratazioak lan-zuzenbidera bildu beharko dira, Langileen Estatutuaren baldintzak betez gero.

Errege Dekretua zein teknikariri eta laguntzaileri aplikatu

1435/1985 Errege Dekretuaren ondoreetarako, langile teknikari eta laguntzaile dira jarduera artistikoari zuzenean lotutako zerbitzuak zein izan eta zerbitzu horiek ematen dituztenak, zerbitzu horiek ezinbestekoak direnean jarduera hori betearazteko. Zerbitzu horien artean dira, besteak beste, ekitaldia prestatzekoak, ekitaldirako muntatze-lanak, ekitaldirako eman beharreko laguntza teknikoa, edo jarduera artistikoa oso-osoan betearazteko behar diren zereginetatik beste edozein, bai eta joskintza, ile-apainketa nahiz makillajea eta laguntza-izaerakotzat jotzen diren beste jarduera batzuk ere.

Langile teknikari eta laguntzaile dira jarduera artistikoari zuzenean lotutako zerbitzuak zein izan eta zerbitzu horiek ematen dituztenak, zerbitzu horiek ezinbestekoak direnean jarduera hori betearazteko

Nolanahi ere, jarduera horiek guztiak ez ditu enpresak gauzatu behar, bere egituren baitan edo iraunkortasunez, ziklikoki bada ere.

Gainera, kontuan hartu behar da langile teknikari eta laguntzaileei ez zaizkiela aplikatuko 1435/1985 Errege Dekretuko 2, 6, 7, 8, 9 eta 10.4 artikuluak, beren-beregi artistentzat pentsatutako gaiak arautu dituztelako: 16 urtetik beherakoek lan-kontratuak egiteko aukera, eta Errege Dekretuak ezarritako berezitasunak, langileen eskubide eta betebeharrei, ordainsariei, lanaldiari, atsedenaldi eta oporrei, eta kontratua azkentzeko aukera jakin bati begira.

Kontuan hartzekoak

Formari dagokionez, kontratua idatziz egin behar da beti. Orobat, enpresaburuak idatziz informatu behar du artista kontratuaren oinarrizko osagaien eta lan-prestazioa betearazteko baldintza nagusien inguruan, betiere, osagai eta baldintza horiek kontratuan jaso ez badira.

Lan-kontratuan probaldia itun daiteke 10 egun baino iraupen luzeagoko kontratuetan. Probaldi hori izan daiteke, gehienez, 5 egunekoa, 2 hilabete baino iraupen laburragoko kontratuetan; 10 egunekoa, 6 hilabete baino iraupen laburragoko kontratuetan; 15 egunekoa, osterantzeko kontratuetan. Gainerako aldeetan, Langileen Estatutuak ezarritakoa aplikatuko da.

Formari dagokionez, kontratua idatziz egin behar da beti. Orobat, enpresaburuak idatziz informatu behar du artista kontratuaren oinarrizko osagaien eta lan-prestazioa betearazteko baldintza nagusien inguruan

Kontratu-modalitateei helduz, lan-kontratuak izan daitezke iraupen mugagabekoak nahiz iraupen mugatukoak, printzipioz, Langileen Estatutuak araututakoarekin bat etorriz. Baina 1435/1985 Errege Dekretuak esanbidez arautu du iraupen mugatuko lan-kontratu artistikoa. Kontratu-modalitate hori 5/2022 Errege Lege-dekretuak sortu du, hau da, 2021eko lan-erreformaren ondoren. Horregatik bitxia da oso 2021eko lan-erreformak obra eta zerbitzu jakinerako lan-kontratua ezabatzea eta artistei begira, izen desberdinarekin bada ere, hari eustea, eta hark baino baldintza eskasagoak ezarrita gainera.

Zehatzago, iraupen mugatuko lan-kontratu artistikoa enpresaren aldi baterako beharrizanei aurre egiteko egin daiteke. Hala ere, denbora aldetik ez da muga zehatzik ezarri. Hain zuzen, iraupenari dagokionez, kontratua izan daiteke ikuskizun baterako nahiz batzuetarako, aldi baterako, denboraldi baterako, ikuskizunak kartelean iraun artekoa edo ekoizpen-fase desberdinek iraun bitartekoa. Gainera, ondoz ondoko luzapenak onartu dira, betiere, enpresaren aldi baterako beharrizanak, kontratua egitea justifikatu zuenak, bere horretan jarraitzen badu.

"Iraupenari dagokionez, kontratua izan daiteke ikuskizun baterako nahiz batzuetarako, aldi baterako, denboraldi baterako, ikuskizunak kartelean iraun artekoa edo ekoizpen-fase desberdinek iraun bitartekoa"

Dena den, ekoizpen-arrazoiengatiko lan-kontratuk eta iraupen mugatuko lan-kontratu artistikoak kateatzen direnean, artista finko bihurtuko da. Horretarako, 24 hilabeteko aldian, jarraitutasunik gabe edo jarraitutasunarekin, 18 hilabete baino epe luzeagoan, bi kontratu izan behar dira enpresa berberarekin, edo lanpostu bera bi artista desberdinekin bete behar da. Azken kasu horretan, bigarren artista bihurtuko da finko.

Gainerako berezitasunak

Artistek eskubidea dute entseguetatik eta euron ikuskizun artistikoa prestatzeko gainerako jardueretatik baztertuak ez izateko. Arduraldi osoko ituna esanbidez jaso behar da kontratuan, eta, ondorenez, artistak ezin du itun hori bere aldetik hutsaldu. Horrela jardunez gero, kalte-galerak ordaindu beharko ditu. Edozein kasutan, arduraldi osoa ituntzen bada, artistak konpentsazioa jasotzeko eskubidea du.

Lanaldira biltzen dira jendaurrean ikuskizun artistikoa eskaintzea eta entseguan edo grabazioan erabilitako denbora. Debekatuta daude doako entseguak. Komenigarri da joan-etorrien eta biren arauketa kontratuan jasotzea.

Arduraldi osoko ituna esanbidez jaso behar da kontratuan, eta, ondorenez, artistak ezin du itun hori bere aldetik hutsaldu

Asteko atsedenaldia 36 ordukoa izan behar da gutxienez. Atsedenaldi hori zatitu badaiteke ere, gutxieneko atsedenaldia 24 ordukoa izan behar da beti. Salbuespenez, 4 asteko aldia kontuan hartu eta aldi horri dagozkion asteko atsedenaldiak pila daitezke. Jaiegunak beste egun batzuetara igaro daitezke, egunotan eskaintzen denean jendaurreko ikuskizuna.

Kontratu-azkentzei dagokienez, iraupen mugatuko lan-kontratu artistikoa amaitzean, langileak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea du, Errege-Dekretuak ezarritakoa edo hori hobe dezakeena, alderdiek adostutakoaren arabera. Enpresaburuak, gutxienez, Errege Dekretuak ezarritako aurreabisua eman behar dio artistari, eta, betebehar hori gauzatu ezean, aurreabisurik gabeko egun bakoitzaren araberako alokairuak ordaindu beharko dizkio artistari, kalte-ordain gisa. Enpresaburuak edo artistak kontratua ez betetzearen ondorioz prestazio artistikoa oso-osoan bete gabe geratzen denean, kontratua betearaztea eskatu edo suntsiaraz daiteke, bi kasuotan kalte-ordainak jasotzeko eskubidearekin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK