
Abian da Donostian ekonomia sozialari buruzko ASETT (Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank) nazioarteko foroa. Gaur eta bihar artean egingo da ekitaldiaren lehen edizioa, eta irekieran izan dira, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia eta Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordea. Foroaren helburua honako hau da: ekonomia sozialaren etorkizuna definitzeko mugarriak zein diren zehaztea.
Prentsa-oharrean antolatzaileek azaldu dute ekonomia soziala pertsonak ardatz dituen enpresa-eredua dela, non enplegu egonkorrak, kalitatezkoak eta inklusiboak sortzen diren. Enpresa horietan irabaziak helburu sozialetara berrinbertitzen direla gehitu dute, erdigunean jarrita “demokrazia eta pertsonen ongizatea”.
Gaia jorratzeko eta ekonomia sozialak dakartzan erronkei buruz eztabaidatzeko Donostiara bertaratu dira hogeita hamar herrialdeetako nazioarteko zenbait eragile. Orotariko jarduerak antolatu dira bi egunetarako: osoko bilkurak, mahai inguruak, kultura jarduerak, enpresetara bisitak…. networkingerako guneak ere egongo dira.
Mahai inguruetan eta saioetan parte hartuko dute, besteak beste, ASETTen Nazioarteko Aholku Batzordeko kideek. Batzorde horretako kide dira honako hauek: LANE, Nazio Batuak, Europako Parlamentua, Oxfam-Intermon, eta hainbat herrialdetako gobernuetako ordezkariak. Bi egunetan zehar ondorengo gaiak jorratuko dira: ostegunean ekonomia sozialaren nazioarteko ikuspegia, inklusioa, etxebizitza, kultura, akademia, finantzaketa, generoa, zaintza, osasuna, nekazaritza, jasangarritasuna eta teknologia; ostiralean, komunikazioa, legedia, gazteria, mugikortasuna, energia eta ura. Yolanda Díaz Espainiako Lan ministroa ere izango da ASETTen, ostiralean egingo den lehen bilkuran parte hartzeko eta ekonomia sozialerako politika publikoen gaia jorratzeko.
Nazioarteko foroa ekimen publiko-pribatua da, eta CEPES Gizarte Ekonomiaren Espainiako Enpresa Konfederazioak zein Lan eta Gizarte Ekonomiarako Ministerioak bultatzen dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Udalak, Euskadiko Kooperatibak eta Mondragon Taldeak babesarekin.